Gipuzkoako Metalaren Merkataritza

Patronalak hitzarmena negoziatzeko mahaia sortzearen aurka agertu dira

2024/03/22
ADEGI eta AEGA patronalek uko egin diote gaur, martxoak 22, Gipuzkoako Metalaren Merkataritzaren Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio mahaia osatzeari. Gogoratu behar da urtarrilaren 23an ELAk patronal eta sindikatuei mahaia osatzeko deia egin ziela, baina agenda arazoengatik ez dela bilerarik izan gaur arte.

ELAren ustez, patronalek emandako arrazoiek ez dute justifikatzen osaerari uko egitea. Negoziazio prozesu berri bati ekiteari uko egiteak duela 15 urte negoziatutako baldintzei eustera kondenatzen ditu langileak. Patronalek, sektoreko 7.000 langile baino gehiagorekiko errespetu falta nabaria erakutsi dute. ELAk, sektore osorako baldintzak hobetuko dituen eta 2024ko errealitate sozialera eguneratu dituen hitzarmena lortzeko lan egingo du.

Apirilaren 22an, goizeko 10:30ean, berriro biltzea adostu da, negoziazio mahaia osatzeko beste saio bat egiteko.