Enplegu Zentru Bereziak

Patronalak uko egin dio lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioa hasteari

2025/01/29
Gaur EAEko Enplegu Zentru Berezien lehen negoziazio sektoriala abiatzeko bilera izan da, eta sektoreko enpresa nagusiek uko egin diote ordezkaritza bidaltzeari. Sektorean lanean ari diren 13.000 pertsonei lan baldintzak hobetzeko eta aniztasun funtzionala duten langileen aitorpena egiteko lehen aukera galdu arren, ELAk, sektoreko lehen sindikatuak, lanean jarraituko du negoziazio hau martxan jar dadin.

Gaur Enplegu Zentru Berezien EAEko lehen hitzarmen sektoriala negoziatzen hasteko bilera izan dugu Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan. Bileran ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuez gain Berezilan patronala soilik azaldu da. Berezilanek adierazi du ez duela ordezkaritza nahikorik negoziaketa abiatzeko sektoreko enpresa nagusiek, irabazi asmorik ez dutenek, ez diotelako horretarako ordezkaritzarik eskaini.

ELAk bere prestutasuna adierazi du negoziazioa abiatzeko, eta beste hainbat sektoretan gertatzen den bezala, bilerara azaldu den patronalari negoziaziorako ordezkaritza guztia eskaintzeko. Gaur gaurkoz Berezilanek uko egin dio negoziazioa abiatzeari.

Datorren martxoaren 6an beste bilera bat izango da. ELAk sektoreko enpresei eskatzen die bere ordezkaritza eman diezaiotela beren izenean aritu daitekeen patronal bati, era honetan negoziatzen hasi ahal izateko.

Gogora ekarri behar dugu Enplegu Zentru Berezietan 13.000 bat lagunek lan egiten dutela; gehienak desgaitasunen bat duten pertsonak dira, eta lanean aritzeko aukera bakanak lantoki hauetan dauzkate. ELAren ustez bada garaia langile hauek ere merezi duten aitorpenarekin batera, bizitza oso eta autonomo bat izateko lan-baldintzak izan ditzaten. Helburu horrekin, sektoreko lehen hitzarmena negoziatzea aukera egoki bat da enpresen eta administrazioen inplikazioarekin lan munduan aniztasun funtzionalak ere erantzun egoki bat izan dezan.

ELA sektore honetako lehen sindikatua da, ia % 40ko ordezkaritza duela, eta lanean aritzeko eta mobilizazioak sustatzeko bere erabateko prestutasuna adierazi du lan-baldintzak hobetze aldera, beste edozein sektoretan bezala.