NEGOZIAZIO KOLEKTIBOKO ESTATU AKORDIOA

Patronalaren eta CCOO-UGTren itunak uko egiten dio KPIari, eta lan erreforma okertu eta emakumeak are gehiago prekarizatzen ditu

2023/05/16
Akordioak enpresen interesei baino ez die erantzuten, eta osasun publikoa desegiteko beste urrats bat da, mutuei botere handiagoa emanda

2023-2025erako CCOOk, UGTk, CEOEk eta CEPYMEk sinatutako Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako V. Akordioak atzerapauso garrantzitsuak ditu langileriarentzat, patronalarentzako ez dago betebeharreko konpromisorik (gomendio hutsak dira, batez ere soldatei dagokienez) eta, gainera, osasun publikoa desegiteko beste urrats bat egiten du, mutuei botere gehiago ematen baitie bajak kontrolatzeko. Hori gutxi ez, eta lan erreformak okerrera egingo du, CCOOk eta UGTk kontratazioa are gehiago prekarizatzea onartu baitute (aldizkako finkoak, lanaldi partziala, behin-behinekotasuna...); horrek bereziki zigortzen ditu emakumeak. Hala azaldu dute gaur prentsaurrekoan Mitxel Lakuntzak (ELAko idazkari nagusiak), Mari Cruz Elkorok (Zerbitzuak federazioko idazkari nagusiak) eta Pello Igeregik (Negoziazio Kolektiboko buruak).

Soldatei dagokienez, akordioak uko egiten dio 2021eko eta 2022ko % 12,2ko KPI metatuari (gogoratu behar da IV. Akordioa 2020an amaitu zela), eta ez du bermatzen 2023-2025 aldiko erosteko ahalmena. Gainera, akordio horretan, CCOOk eta UGTk honako gomendio hauek onartzen dituzte, kontratazioa are gehiago prekarizatzen dituenak. Lan erreformak irekita utzi zuen atea da, eta orain patronalari baliatzeko aukera ematen dio:

  • Sektoreko hitzarmenetan, produkzioaren gorabeherengatik kontratuaren iraupena urtebetez luzatzea gomendatzen da (akordiorik gabe, gehieneko epea 6 hilabetekoa da).
  • Lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoa sektore gehiagotara zabaltzen da, besteak beste. Gogoratu behar da aldizkako kontratu finkoa erabiltzea estatistikak makillatzeko baliabide bat dela, bai langabeziarenak, bai behin-behinekotasunarenak.
  • Lanaldi partzialeko kontratuaren erabilera erraztu eta malgutzea, lanaldiko etenaldien kopurua handituz, etena zatitua denean (legeak dio eten bakarra gerta daitekeela, negoziazio kolektiboan akordiorik lortu ezean); ordu osagarriak kontratatutako ordu arrunten % 30etik %60ra igarotzea baimentzea, eta abar.
  • Lanaldiaren malgutasun osoari atea irekitzen diote, enpresaren beharretara egokitzeko: lanaldia urtero arautzea eskatzen badute ere, banaketa irregularra izan daiteke.
  • Probaldiak luzatzea.

Akordioaren beste alderdi oso negatibo bat da mutuen zeregina indartzea, administrazio eskudunei kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasun prozesuei buruzko hitzarmenak garatzeko eskatuz (gaixotasuna, adibidez). CCOOk eta UGTk bat egin dute absentismoari buruzko patronalaren jarrerarekin, baina ezer ez da esaten lan ezbehar oso handiei buruz.

Laburbilduz, ELArentzat 2021eko eta 2022ko KPIari uko egitea eta 2023tik 2025era erosteko ahalmena ez bermatzea opari bat da enpresaburuentzat, enpresen mozkinek gora egiten dutenenean kasu batzuetan ezin modu eskandalagarriagoan. Patronalak irabazten du, langile klaseak galtzen du. Azpimarratu behar da akordioak gehiago kaltetzen dituela emakumeak: aldi baterako kontratazioa edo aldizkako kontratu finkoa zabaltzeak genero irakurketa argia du. Lanaldi partzialeko enplegua oso feminizatuta dago, eta hori gertatzen da aldizkako kontratu finkoa erabiltzen den sektore askotan ere. Lanaldia egunean behin baino gehiagotan abiatzeak kontziliazioa ezinezkoa eta egun osoa enpresaren esku izatea dakar.

ELAren eredu sindikala akordio honetan jasotakoaren beste muturrean kokatzen da. ELAk nahitaez bete beharreko akordioak baino ez ditu sinatzen, betiere erosteko ahalmenaren defentsan eta konpromiso zehatz eta lotesleekin lan prekarietatea eteteko (adibidez, lanaldi partzialeko eta aldizkako kontratu finkoen erabilera mugatzea, edo lanaldiaren banaketa irregularra ez onartzea). AENC justu ELAk negoziazio kolektiboan negoziatzen eta egunez egun lortzen duenaren kontrako norabidean doa.