Patronalari eta Gipuzkoako Foru Aldudiari egoera desblokeatzeko eskatu diote erresidentzietako grebalariek

Langileek salatu dute egoerak bi urte baino gehiago daramatzala “blokeatuta”, eta patronalei irtebidea jartzeko eskatu diote. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere “beste aldera begiratzeari utzi”, eta eurekin bildu dadila galdegin dute.
Ildo horretan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gaur Euskadi Irratiko Faktoria saioan eskaini duen elkarrizketan esan du Diputazioak ere erantzunkizula duela gatazkan. “Guk badugu proposamena erresidentzien gatazka konpontzeko, baina Markel Olanok –Aldun Nagusiak- ez du entzun nahi”. “Oso larria da erresidentzietan gertatu dena. Langile horiek dena eman dute pandemian. Beraien Osasuna eta euren senideena jarri dute arriskuan, eta oso egoera gogorrak bizi izan dituzte. Esaterako, Ordiziako erresidentzietan ia egoiliarren herena hil da; horiek nola joan diren ikusi dute”. Balkoietan pandemian egindako eskertza txaloen harira, Lakuntzak azpimarratu du “oihartzunik gabeko txaloak” izan direla, “ez dutelako benetako erantzunik izan”. Horregatik, “garbi dago Markel Olanoren ardura dagoela honen atzean”.
Beste greba egun bat iragarri du ELAK: ekainaren 14an egingo dute erresidentzietako langileek, eta 250. eguna izanik, ekitaldia eta protesta egingo dute Donostian.