GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK
Patronalek edukiak dituen proposamen bat ekarri arte ez da negoziazio mahai gehiagorik egongo

Negoziazio mahaia blokeatuta dagoenez eta patronalek konpromisorik hartu ez dutenez, ELAk eta Negoziazio Mahaiko gainerako sindikatuek Gipuzkoako egoitzetan hitzarmen bat lortzeko bilera gehiagotara ez joatea erabaki dute, sektoreko prekaritatea irauliko duen proposamen bat mahai gainean jarri arte.
Orain arte, patronalen proposamenak eskasak izan: hurrengo hiru urteetarako KPIaren araberako soldata igoerak planteatzen ziren, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketaren baldintzapean zegoen, eta, beraz, ez zeuden bermatuta. Gainera, langileen % 8k sinatutako eraginkortasun mugatuko hitzarmena aplikatu nahi zuten, eta hori onartezina da ELArentzat, sektorean gehiengo sindikalak adostutako hitzarmenak daudenean eta baldintza hobeak jasotzen dituztenean.
ELAk aldarrikatu du ezinbestekoa dela lanaldi partzialekin amaitzea eta oso feminizatuta dagoen sektore baten kontziliaziorako eskubidea bermatzea. Gauzak horrela, ELAk mobilizatzen eta borrokatzen jarraituko du sektorearen aldarrikapenak entzun daitezen lan baldintza duinak eta, ondorioz, kalitatezko zaintza lortzeko.