Patxi Lopezen Gobernua gezurretan ari da murrizketa nabariak ezkutatzeko asmoz

2011/10/27
ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak 2012ko aurrekontuan egin nahi dituen gizarte-murrizketek argiro erakusten digute zein nolako politikak aplikatzen dituzten agintariek: biztanle gehienen aurkakoak eta, batez ere, baztertuen dauden gizataldeen aurkakoak.

ELArentzat murrizketa horiek politika ziztrin baten isla dira, baina gero gezurretan hasten dira errealitatea ezkutatu nahian. Oso deigarria da Patxi Lopezen gobernuaren zurikeria; ez baita onartuzkoa, hain murrizketa nabarmenak daudela, murrizketarik dagoenik ukatzea. Eta gastu publikoa murriztu da; osasun, hezkuntza eta etxebizitzako arloetan, hain zuzen. Aipaturiko ataletan gobernuak gastu txikiagoa egingo du, 2011n baino. Hori dela-eta, gure osasunerako eta prestakuntzarako funtsezkoak diren zerbitzu publiko horien kalitatea kaltetan aterako da.

Bereziki aipatu beharrekoa da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (lehen Oinarrizko Errenta) egin nahi dituzten murrizketak. Asmoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %88tik %81era jaistea da, eta horren ondorioz, noski, larriagotu egingo da hamarka mila familiaren egoera. Halaber, Etxebizitzaren Prestazio Osagarriaren zenbatekoak eta Gizarte Larrialdietako Laguntzen diru-kopuruak jaitsiko dira. Murrizketa horiek guztiak Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak laguntzen zenbatekoak gutxituko ez zirela esan ostean etorri dira. Horrelako kontraesanak ez dira gizalegezkoak, bide horretatik gero eta lohituago geratuko da politikarien ospea eta sinesgarritasuna.

Eta, gainera, baztertuenei kentzen zaiena dirudunen eta enpresen intereseko arloetara doa, diru publikoaz negozioa egiten dutenen sakeletara (ikusi bestela euskal Y —gero eta diru gehiago xurgatzen duena— 2012an 75 milioiko igoera onartuko zaio, gizarte-gastuaren kontura.

Azkenik, ELAk gaitzetsi egiten du herri-langileei ezarri nahi dieten soldata-izoztea. Krisiaren zergatiekin batere lotura ez duen kidego hori berriro zigortzeko asmoa dute.