EAE Hezkuntza

Pello Igeregi: “Jaurlaritzak aldaketa txiki batzuk egin nahi ditu egungo sistemari eusteko”

2023/03/16
ELAk ez du Hezkuntza Legea babestuko Eusko Jaurlaritzak ez duelako murgiltze eredua, euskal curriculuma, sare banaketaren gainditzea eta lan baldintzak bermatzen. Sindikatuak Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan bi alderdiek erakutsitako negoziaketarako jarrera ongi baloratzen duen arren, ez du adostasun baterako edukirik ikusten.

ELAren eta Jaurlaritzaren negoziazioak Hezkuntza Lege berri baterako adostasunik gabe amaitu dira. Hala adierazi dute Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak, eta Miren Zubizarreta sindikatuko Hezkuntza arduradunak. Azken hilabeteotan elkarrizketak izan dira bi erakundeen artean edukien inguruan, eta negoziaziorako erakutsitako jarrerari balioa eman arren, ELA ez dator bat Jaurlaritzarekin:“Jaurlaritzak aldaketa txiki batzuk egin nahi ditu, ez besterik, egungo Hezkuntza Legeari eusteko”, adierazi du Igeregik.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez ditu alderdi politikoekin adostutako Hezkuntza Hitzarmenaren oinarriak aldatu nahi eta, ondorioz, Hezkuntza Legeak ez du murgiltze eredua jasoko, ezta euskal kurrikuluma garatzeko aukerarik ere, sare banaketa betikotzen du, eta lan baldintzei dagokionez, ez da bermatzen lanpostu kopurua, behin-behinekotasuna kronifikatzen da eta langileak pobretzen ditu. Ondorioz, Miren Zubizarretak zehaztu duenez, Hezkuntza Legearen aurreproiektua ELA eta Jaurlaritzaren arteko adostasunik gabe argitaratuko da, “sakoneko desadostasunak ditugula agerian geratu delako”.

Hezkuntza Legea aldatzeko oztopoak

Jaurlaritzak egungo Hezkuntza ereduari eutsi nahi dio, uko egin diolako adosteari bide orri bat LOMLOE zein gainerako arau estatalen marko juridikoa gainditzeko eta horiek dakartzaten hezkuntza eredu uniformatzailea, merkantilista eta sare banaketa gainditzeko. Era berean, Euskal Herria erreferentzia duen kurrikulum propioa izateko, eta sare publiko bakarrerako bidea egin behar da. Bada, Jaurlaritzak ez du zehaztu nahi izan bide hori. Ezta Hezkuntza komunitatearen parte-hartze zuzenean oinarritutako eskola autonomorako xehetasunak ere. Eta eskolak euskalduntzeko ezinbestekoa den murgiltze eredua ere adosteko bidean ez da lortu aurrerapausorik.

ELAk jakin badaki eskaera horietako batzuek ez dutela lekurik EAEko eskuduntzetan, baina ELAren ustez, gutxienekoa da gai horiei buruzko akordio politikoa erdiestea eta Espainiaren inposaketari aurre egiteko eta gizartea aktibatzeko adostasuna lantzea.

Lan baldintzei dagokionez ere, ELArentzat oinarrizkoa da kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko lan baldintza egokiak adostea, eta hau ere ez da posible izan. Esaterako, Hezkuntzako langile guztiei enplegua bermatzeko neurriak eta mekanismoak zehaztu behar dira, are gehiago jaiotze tasa beherantz doanean. Itunpeko sarean mobilizazioei esker lortutako birkokapen prozedura kontsolidatu egin behar da, baina bestelako neurriak ere ezinbestekoak dira. Bestetik, langileen behin-behinekotasuna %8ko langatik behetik kokatzeko neurriak eskatu dizkio ELAk Jaurlaritzari, martxan diren finkatze prozesuekin ez baita helburu hori lortuko. Behin-behinekotasuna %30-60 artean geratuko da kolektiboen arabera.

Langileen erosahalmena bermatzeko neurriak ere eskatu ditu ELAk. Itunpeko eta sare publikoko langileen soldatak parekatu behar direla uste du sindikatuak, hau da, homolagatu behar dira, baina aldi berean KPIaren araberako soldata bermeak adostu behar dira. Bestela, homologazioa lortuta ere, erosahalmena galtzen jarraituko dute Hezkuntzako langileek. Era berean, gainerako lan baldintzak ere homologatu nahi ditu ELAk.

EPE eredu berri bat ere beharrezkotzat jotzen du ELAK, eta horretarako irizpide orokorrak finkatzen hasi, azterketa eredua aldatu eta ondoren lanpostua lortzeko bidea aldatzeko; ez dadin memoria hutsez ikasteko azterketa izan, ezta gero behin eta berriro azterketa egin behar izatea.

Azkenik, publifikaziorako markoa ere arautzea garrantzitsua da ELArentzat, subrogazioa izango duena. Eta ELAk ere hitzartu nahi zituen Itunpeko ikastetxeetarako sarbidea gardentasunez bermatzeko neurriak.

Elkarrizketa eta mobilizazioak

Edukietan adostasunik lortu ez arren, ELAk positiboki baloratzen du azken hilabeteetan egindako bidea. Horrelako egitasmo baten aurrean, Euskal Herrian nagusi den sindikatua izateaz gain, EAEko unibertsitatez kanpoko Hezkuntzan ordezkari gehien dituen sindikatuaren eta Gobernuaren arteko interlokuzio normalizatuak gutxienekoa beharko bailuke.

Hori horrela, ELAk borrokan jarraituko du hezkuntza sistema propio, euskaldun, publiko eta inklusibo baterako bidean. Baita Hezkuntza sistemaren eraldaketa sakona eta lan baldintza egokiak bermatzeko edukien alde ere. Helburu horiek lortzeko beharrezko greba eta mobilizazioak bultzatuko ditu.