Pentsiodunen Mugimenduak urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du ELAk

2022/01/12
ELAk bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak urtarrilaren 15ean, larunbata -mobilizazioak hasi zireneko laugarren urteurrenean- kalera ateratzeko egindako deiarekin. Pentsio publiko propio eta duinak aldarrikatzeko mobilizazioak izango dira Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran. Kolektiboak azken lan-erreformak dakarren erosteko ahalmenaren galera eta miseriazko pentsioak salatu ditu.

Pentsiodunek aldarrikatzen dituzten puntuen artean, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen puntu kaltegarrienak indargabetzea dago. 1.080 euroko pentsio duina ere eskatzen dute, baita erretiro aurreratuen koefiziente murriztaileak indargabetzea edo genero arrakala ezabatzea, besteak beste.

ELAk deialdiarekin bat egin du eta une erabakigarrian gaudela gogorarazi du, egungo eta etorkizuneko pentsioak jokoan baitaude. Horregatik, eguerdiko hamabietan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu afiliatuak.