PENTSIOAK

Erreformak murrizketak dakartza eta 2011n Zapaterok, UGTk eta CCOOk inposaturikoak betikotzen ditu

2023/03/15
ELAk pentsioen erreformari buruzko balorazioa jasotzen duen dokumentua aurkeztu du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi du “murrizketarik gabeko erreformaren bertsio ofiziala ez dela egia”. Alde batetik, Lakuntzak adierazi du “pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua 50 urtetik beherako pertsona guztiei handitzen zaiela, hau da, pentsio berrien zenbatekoa murrizten zaiela”. Bestetik, Lakuntzak salatu du “pentsioetan gastu-muga bat jartzen dela ezkutatu nahi dutela, eta 2025etik aurrera, eta 3 urtetik behin, Airefek (erakunde guztiz neoliberala dena) egokitzat jotzen dituen neurriak proposatu ahal izango dituela, etorkizuneko murrizketei ateak zabalduz”.

Irakurri txostena

ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, “ez da planteatu Europar Batasunarekin borroka pentsioak hobetzeko. Egia da Europako Funtsen truke EBrekin akordioa ez dela guztiz gauzatu, eta hori albiste ona da. Baina Sanchezen Gobernuak haratago joan behar zuen, eta ez du borondate politikorik izan benetako aurrerapenak lortzeko eta pentsio duinak bermatzeko”.

Ezker politikoaren paperari dagokionez, Lakuntzak esan du “argi dagoela erreforma okerragoa izango zela Unidas Podemosen eta EH Bilduren oposiziorik gabe, Escrivá ministroaren asmoa Bruselarekin adostutako guztia aplikatzea zelako, hala nola 30 urtera igotzea pentsioa kalkulatzeko”. Hala ere, erreformak murrizketak onartzen ditu eta etorkizunean ere egon daitezen errazten du. Hori dela eta, alderdi politiko horiei aurka bozkatzeko deia egin die, baldin eta erreformaren elementu atzerakoiei eusten bazaie eta 2011ko murrizketetan atzera egiten ez bada.

Gainera, idazkari nagusiak gogorarazi du ELAk babesten duela Pentsiodunen Mugimenduak martxoaren 18ko manifestazioa. ELAk erantzun bat ematea ezinbestekotzat jo du, eta, beste ekimen batzuen artean, mobilizazioak iragarri ditu apirilaren 4an, Bilbon eta Iruñean, erreforma hori arbuiatzeko eta diru-sarrera nahikoak bermatuko duen pentsio publikoen sistema bat eskatzeko.

ELAko Azterketa Bulegoko Janire Landaluzek azaldu du nola murriztuko diren 50 urtetik beherakoen pentsioak. “Belaunaldi berriei pentsioak jaistea onartu nahi dute, hain justu prekarizatuenak direnak”, adierazi du.

Landaluzek datu argiekin azaldu duenez, gutxieneko pentsioak oso gutxi hazten dira, eta Pentsiodunen Mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko zenbatekoa ezartzeko aldarrikapenetik oso urrun geratzen dira: “Ezkontiderik gabeko 65 urtetik gorako pertsonen pentsioaren zenbatekoa, 4 urtetan eta kopuru baliokideetan, hilean 783 eurotik 833 eurora igaroko litzateke, hau da, pobreziaren mugaren azpitik”. Era berean, dokumentuak jasotzen du genero-arrakalaren izenpean jasotako neurriek ez dutela ia inolako aldaketarik eragingo.

ELAko Gizarte Politikako arduraduna den Mikel Novalen ustez, pentsioetako gastuaren eta gizarte-kotizazioengatiko diru-sarreren arteko lotura zuzena ezartzeak ideia faltsu batean sakontzen du: kotizazioengatiko diru-sarrerak ez badira nahikoak, murrizketak saihestezinak dira. Horri gehitu behar zaio Hego Euskal Herriko biztanleen % 23 pentsiodunak direla, baina soilik aberastasunaren % 13a bideratzen dela pentsioetara. Pentsiodunen biztanleria gero eta handiagoa denez, pentsioen gastua mugatzeko logika horrek kolektibo hori pobretzen du, ezinbestean. 

Erreforma berriak Zapaterok, UGTk eta CCOOk 2011n onartutako murrizketei eusten diela kritikatu du ELAko Gizarte Politikako arduradunak. “Erretiroa 67 urtera atzeratzeak bere horretan jarraitzen du. Pentsioa kalkulatzeko 15 urteko epea ez berreskuratzeaz gain, 29ra zabalduko da. Erretiro aurreratua okertu egin zen eta orain sei hilabeteko epean erretiro partzialaren beste erreforma bat iragarri da”.