Pentsioen eta lan erreformen aurka, manifestazioak egingo ditu ELAk igandean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean

2021/10/22
‘Ez gaitzazue Madrilen saldu. Pentsioen murrizketarik ez. Lan erreformak indargabetu’ lelopean, ELA kalera aterako da igandean, urriaren 24an Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen (11:30), EAJk, EH Bilduk eta Podemosek pentsioen murrizketa atzera bota, eta lan erreforma indargabetzearen alde egin dezaten.

Sanchezen Gobernuak datozen asteotan onartuko ditu bai pentsioen murrizketak, bai Zapaterok (2010) eta Rajoyk (2012) inposatu zituzten lan erreformetako neurririk kaltegarrienak. Horiek, ordea, Kongresuan onartu behar dira gehiengoz, eta alderdi independentista eta nazionalisten botoa ere behar dute aurrera egiteko. Beraz, alderdi horiek baldintzatu ditzakete pentsioen zein lan erreformak, eta Euskal Herritik ere oztopatu daitezke, erabakia Madrilen hartu arren.

Horregatik, EAJri, EH Bilduri eta Podemosi -azken hau estatuko indarra izanagatik ere- zera eskatzen dio ELAk: ez dezatela pentsioetan murrizketarik onartu eta lan erreformaren indargabetzea defendatzeko konpromisoa har dezatela. Eskari hori da kalera aterako duena ELAk igandean, urriaren 24an.

Hain zuzen ere, manifestazio guztiak 11:30ean hasiko dira. Bilbokoa Udaletxearen plazatik abiatuko da, eta hitzartzeetan Mitxel Lakuntza idazkari nagusiarekin batera izango dira Tubacexeko eta Novaltiako langileak, besteak beste. Donostiakoa, bestalde, Boulevardean hasiko da, leku berean amaitzeko Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoaren parte hartzearekin. Gasteizkoari dagokionez, Ama Zuriaren plazatik abiatuko da, Matxete plazan amaitzeko industria zein zerbitzuetako ordezkarien parte hartzearekin, besteak beste. Azkenik, Iruñeko mobilizazioak Merindade plaza izango dute abiapuntu, eta Sarasaten amaituko da, ELAko ordezkarien hitzartzeekin.