Pentsioak eta garraio deskontuak
Pentsioen igoera bermatzeko eskatu dio ELAk Sanchezen Gobernuari

Espainiako Gobernua legeak modu antidemokratikoan ateratzen ohitzen ari da: Errege Lege Dekretu bat aurkezten du, eta bertan hainbat arlotako neurrien zerrenda luzea sartzen da, Parlamentuko gehiengoa hori aurrera ateratzera behartuta egon dadin. Atzo, ordea, Omnibus dekretua bozkatu zen Kongresuan, eta ez zen aurrera atera PPren eta Juntsen botoengatik. Besteak beste, pentsioak KPIaren arabera handitzea (% 2,8a 2025ean), garraio publikoan %50eko deskontuak, etxegabetzeen eta oinarrizko horniduren mozketen luzamenduak, DANAren hondamendiaren osteko laguntzak edo EAJri Parisen jauregitxo bat lagatzea (Eusko Jaurlaritzari kendu ziotena errepublika ostean).
Neurri guztiak batera dekretu berean aurkezteak, neurriak berak arriskuan jartzen ditu, eta, ondorioz, otsailetik aurrera pentsioak ez dira KPIaren arabera errebalorizatuko ( % 2,8 2025erako), legeak ezartzen duen bezala, edo gaurtik aurrera ez dira aplikatuko garraio publikoari egindako deskontuak, neurria ekainera arte aurreikusita baitzegoen. Hau da, estrategia politikoa jendearen bizi baldintzen gainetik jartzen da.
ELAk pentsioen igoera bermatzeko eskatzen du, eta horretarako bideak badaudela uste du. Lehenik eta behin, legeak hala ezartzen duelako eta pentsioak KPIarekin igotzea derrigorrezkoa delako. Eta, bigarrenik, beste batzuetan, pentsioak KPIaren arabera errebaloratze hori errege-dekretu baten bidez egin delako, Parlamentuan baliozkotzeko beharrik gabe. Horregatik, igoera hori lehenbailehen bermatu behar da.
Gauza bera gertatzen da garraio publikorako beherapenekin. Dekretua ez baliozkotzeak 2023tik aplikatzen ari diren eta ekainera arte luzatzea aurreikusita zegoen % 50eko deskontuak bertan behera utziko ditu gaurtik aurrera. Gogoratu behar da Espainiako Gobernuak % 30eko deskontua aplikatzen diola garraio publikoari, betiere autonomia erkidegoek edo udalek deskontu hori % 50eraino osatzen badute. Pentsioekin bezala, neurri hori banaka izapidetu behar da deskontuak bermatzeko. Eta hori egin ezean, ELAk EAEko eta Nafarroako erakundeei eskatzen die garraio publikoan % 50eko deskontua berma dezatela beren baliabideekin.
Onartezina da estrategia politikoengatik, bai neurri desberdinez betetako dekretuen bidez, bai neurri antisozialak sustatzen dituzten eskuineko alderdien bidez, langile klasea izatea ondorioak pairatzen dituena.