Perot-eko langileak Alemaniako egoitza nagusira joango dira enpresaren bidegarritasuna aldarrikatzeko
"Multinazional baten aurka borrokatzen ari garela kontutan hartuz, guk ere gure borroka Euskal Herriko mugetatik haratago eramatea erabaki dugu. Europan zehar lau lantegi dauzka HUYCK WANGNER-ek, eta Alemaniakoa da horietatik nagusiena eta Europako zuzendaritza bertan daukana. Horregatik gure bidaia hara zuzendu dugu", azpimarratu dute Alemaiara abaitu aurretik langileen batzordeko kideek.
Gainera, IG Metall-eko sindikatuarekin harremanak mantendu ostean, babes handia eskaintzeaz gain, bertan burutu beharreko ekintzak antolatzen lagundu diela, azaldu dute. "Esan beharra dago, I G Metall-a Europako metaleko sindikaturik handiena dela, beraz, eskainitako laguntza oso garrantzitsua da guretzako. Beraz, eta aldez aurretik, gure eskerrik beroena haientzat".
Datorren astean bigarren ERE-ko kontsulta epea amaitzen da, apirilaren 25ean hain zuzen, eta Enpresako zuzendaritza hasierako jarrera berdinarekin jarraitzen du. Ez dute Zizurkilgo lantegia irekita mantendu nahi.
2012. urteko kontuak onartu berri dituzte, eta oraingoan ere irabaziak eman ditu hemengo lantegiak: 96.000 € hain zuzen ere. Gainera, jakin ahal izan dugu azken lau urteetan 5,7 milioi € baino gehiago atera dituztela Zizurkilgo lantegitik multinazionalera mailegu ezberdinen bidez, nahiz eta horietatik 4,3 milioi € ondoren barkatu egin dizkioten enpresa taldeari, hau da, oparitu egin dizkiotela.
Hori guztia honela izanda, ez dute inongo lotsarik esateko hemengo lantegiak ez duela etorkizunik, eta inbertsiorako diru nahikorik ez dutela. Ez dago eskubiderik!