Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren erreforma, aberatsen mesedetan

2006/11/17
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ogasun sailek datorren asteartean onartuko dute ziurrenik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren erreforma. ELAren ustez erreforma honen eztabaida ezkutatu egin zaio euskal gizarteari eta hori ezin da onartu. Orain arte jakin denaren arabera, proposamena atzerakoia eta eskunindarra da.

Zehazki, egun baino diru gutxiago bilduko dute foru aldundiek eta horrek gastu sozialaren murrizketa ekarriko du, arlo honetan Europar Batasunarekiko aldea handituz. Era honetan, zergaren progresibitatea murriztuko da. Gehiegizko tipo marginala hiru puntutan murriztuko da, %45raino, 1998koa baino 11 puntu gutxiago. Gutxienengo neurria %15tik 23ra igoko da. Aberatsenentzako opari ederra.