Petronorrek lantegi bat gelditu eta xantaia egiten die langileei hitzarmen kolektiboaren negoziazioan

2009/09/16
ELAk salatu egin du 2009ko ekainaren amaieran akziodunei 118 milioi euroko dibidendoen hirugarren zatia banatu zietela.

Petronor findegiko sailak aurrez ezarritako programa baten arabera gelditzen dituzte; urtero egiten dira, hainbat arrazoi medio. 2007tik 2009ra bitartean gasolio eta gasolina produkzioko unitate batzuk zenbait hilabetez geldituta egon dira, programen arabera. Jarduerarik gabeko epealdiak kasu batzutan 5 hilabeteraino ere luzatu dira; baina horrek enpresari eguneroko jardueran edo errentagarritasun ekonomikoan ez dio inongo eragozpenik ekarri.

Bien bitartean, konbertsio plantan lau urtean behin izaten den geldialdi teknikoak berez eginda behar bazuen ere (aurtengo urrirako zegoen aurreikusita, atzerapenaz), 2010rako utziko dute.

Nabarmendu egin behar da Petronorrek etekin handiak lortu dituela azken urteetan; 2009an iazko maila beretsuan jarraitzen du.

Enpresaren urteko memoriak dioenez, 2009ko ekainean akziodunek 2008ko dibidendoen azken zatia jaso dute (guztira 118 milioi € ziren). Etekin garbia 133 milioi zenez, akziodunek erreserbatara %11,27 besterik ez dute bideratu. Erabakia beti izan daiteke eztabaidagarria, baina oraingo egoera ekonomikoan arduragabekeria bilakatzen da.

Aldiz, pertsonalaren soldatak eta zuzendaritzak zein goi-karguek jasotzen dituzten ordainsariak Petronorren gastuen %1,27 besterik ez dira.

Zuzendaritzak lantegi baten geldialdia langileak hitzarmen kolektiboaren negoziazioan estutzeko erabili nahi du. Petronorrek zuzendaritzak hitzarmeneko funtsezko puntu batzuk ez ditu negoziatu nahi, Repsol taldeko Akordio Orokorrean jasota daudela argudiatuz. Petronorreko langileen batzarrak negoziatzeko gaitasuna aldarrikatzen du, eta kanpotik ezarritako akordioak ez ditu onartzen.

Petronorrek langileei presio eragiteko hartu dituen erabakiak eta xantaia salatzen ditugu    –kontratatzerakoan atzerapenak, kontzeptu ekonomikoen manipulazioa, etab.-; gainera, orain urrats bat harago joan da, lantegi bat gelditu eta ERE bat ezarriko digula esan baitu.

Petronorreko zuzendaritzari galdegiten diogu mehatxuak eta xantaia alde batera utzi eta negoziatzeko eser dadila, horixe baita bere eginbeharra, Petronorrerako hitzarmen kolektibo bat lortzeko bidean.