Pobretze prozesuaren aurkako mobilizaziorako deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak: azaroaren 19an, manifestazioak
Egun bizi dugun egoera jasanezina dela salatu dute eta inflazioak gora eginda egiturazkoak ziren arazoak azkartzen ari direla adierazi. Horrela, langileon eta herri sektoreon diru sarrerak eta beharrezkoak ditugun zerbitzu publikoen murrizketei eta oro har langile klasearen pobretze prozesuaren areagotzeari aurre egiteko deialdia luzatu dute.
Sei dira aldarrikapen taulan bildu dituzten puntu nagusiak. Langileon lana duintzeko 1.400 eurotako gutxieneko soldata eta 1.260 gutxieneko pentsioa, biak KPI errealari lotuz. Energia eskubidea eta trantsizio eskubiderako sektorearen publifikazioa zein produktu guztien kontrola aldarrikatzen dute, baita trantsizioa demokratikoki planifikatzeko bideorria. Zerbitzu publikoen defentsa, aberastasunaren bidezko banaketarako zerga erreforma eta oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatzeko hainbat proposamen ere jaso dituzte; baita elikadura, etxebizitza, pertsona guzien erregularizazioa edota garraio publikoaren aldekoak. Bakea eta burujabetzaren aldarriak dira azken puntuak jasotzen dituenak.
Dinamika mobilizatzaileak azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo dituzten manifestazioetan izango du puntu gorena. 12:00etan Artiumetik aterako da Gasteizen, eta 17:30ean izango dira Iruñea (Baluartetik), Donostia (Boulevardetik) eta Bilbokoa (Jesusen Bihotzetik). Mobilizazio horiek beste mugimendu eta borrokekin batera konfluentzia manifestazioak izatea nahi dute.
Lehenago, zerbitzu publikoen defentsan propaganda banaketa egingo dute ostegun honetan eta urriaren 26an energiari buruzko hitzaldia Gasteizen. Elikadura burujabetza ardatz eta bertako eta osasuntsuak diren produktuekin azoka gardenak antolatuko dituzte Bilbon eta Iruñean urriaren 27rako eta azaroaren 3an Etxebizitza eskubidea eta turistifikazioaren aurkako ekimena Donostian. Mobilizazio bira deitu dutena azaroaren 10ean amaituko da Bilbon eta Iruñean diru sarrera duinen aldeko mobilizazio banarekin.