Nafarroako Enplegu Plana

Politikak pribatizatzeko eta UGT, CCOO eta CEN finantzatzeko baino ez du balio

2023/11/23
Nafarroako soldatapeko enpleguen erdiak prekarioak dira, nahiz eta Maeztu Kontseilariak balorazio autokonplazentea egin. 2021etik gora egin du behin-behinekotasunak ( % 18tik % 22ra) eta kontratu partzial prekarioa duen emakume kopuruak ( % 22tik % 29ra).

1998tik, bost enplegu plan onartu dituzte CENek eta UGT eta CCOO sindikatuek; lehenengoa, 1999-2001 urteetarako; bigarrena, 2002-2004 aldirako (417,1 milioi euroko aurrekontuarekin); hirugarrena, 2005-2007 aldirako (431,6 milioi); laugarrena, 2009-2012 aldirako (43,4 milioi euroko luzapena izan zuena); eta bosgarrena, 2021etik 2024ra, 701,7 milioi euroko esleipenarekin.

Plan horien guztien elementu komunak izan dira diru publikoaren kopuru handiak esleitzea, horiek sinatzeko orduan lorpen handiak izango zirela agintzea eta, indarraldia amaitu ondoren, diagnostiko autokonplazentea eta propagandaz betea egitea. Enplegu Plan horien guztien helburua ez da izan benetako enplegu politika bat bultzatzea, eredu klientelista bat garatzea baizik.

Aurreko legegintzaldian PSN buru zuen Gobernuak UGT, CCOO eta CENen aurrekontuen bidezko finantziazio formula berreskuratu zuen, UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik gertatu ez zena.

Bosgarren Enplegu Planean sartzen diren aurrekontu partida ugarien artean, gehienak Administrazio Publikoak lehendik egiten zituen eta orain Enplegu Planean sartzen diren politiken kudeaketari dagozkio. Hau da, plan honek politika publikoak pribatizatzea dakar, hala nola genero ekitatea, laneko segurtasuna, enplegu politika aktiboak edo enpresei ematen zaizkien dirulaguntza jakin batzuk.

Enplegu Planek eta elkarrizketa sozialeko sistemak aukera ematen diote patronalari bere interesak kaltetuko dituen akordio orori betoa jartzeko. Horregatik, ez dira aztertzen laneko prekarietate egoerak pairatzen dituzten Nafarroako gero eta langile gehiago egotea ahalbidetzen duten arrazoiak. Izan ere, egungo Enplegu Planak ez du prekarietatea testu osoan aipatzen, desberdintasunari, fiskalitateari edo aberastasunaren banaketari aurre egiteko funtsezko elementuekin gertatzen den bezala.

Nafarroan 134.300 lanpostu prekario daudela. Datu hori lortzeko, hiru elementu hartu dira kontuan: behin-behinekotasuna, soldata txikiak (18.200 eurotik beherakoak) eta lan osasuna. Hau da, soldatapekoen erdiek baino gehiagok pairatzen dute prekarietatea. Zehazki, egungo Enplegu Plana indarrean jarri zenetik:

  • Kontratu partziala duten emakumeen kopurua 7,1 puntu igo da, ia hirutik batek ( % 29,1) lanaldi partziala izateraino.

  • Behin-behinekotasun tasa % 18,8tik % 22,7ra igo da ( % 27ra emakumeen kasuan).

  • Erosahalmenaren galera % 2,6koa izan da 2022an bakarrik.

  • 2022an 20 pertsona hil ziren lan istripuz.

Nafarroako elkarrizketa soziala eta Enplegu Planak sare opaku bat izan dira, non finantzaketa publikoa trukatzen den bake sozialagatik, eta non gobernuen politika antisozialak legitimatzen diren. Horregatik guztiagatik, ELAk uste du akatsa litzatekeela 2025erako beste Enplegu Plan bat errepikatzea, Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako Kontseilariak adierazi duen bezala.