Posible da TTIP eta CETA hitzarmenak gelditzea, eta lortuko dugu!
‘Herriek erabaki. Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos’ leloarekin bi ekimen herritar hauek dei egiten diete herritarrei kalera atera eta merkataritza librea bultzatu nahi duen hitzarmenen aurka mobilizatzeko.
Mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira.
Bilbo. 13:00tan kalejira Unamuno Plazatik hasita. 17:30tan manifestazioa, Plaza Eliptikotik.
Donostia. 17:00tan manifestazio, Boulevard-etik hasita.
Gasteiz. 12:00tan Kalejira Andra Mari Zuriaren Plazatik hasita.
Iruñea. 13:00tan manifestazioa, autobus geltoki zaharretik hasita.
Irati Sienra eta Julia Martin izan dira larunbateko mobilizazioak aurkezteaz arduratu diren lagunak. “Ezinbestekoa da gisa honetako nazioarteko merkataritza itunak baztertzea, euren helburu bakarra finantza kapitala eta multinazionalak babestea delako, beti ere ingurugiroaren, pertsonen eskubideen eta herrien kaltetan. Gainera, gure lurra eta eskubideak defendatzeko aldarria luzatu nahi dugu”.
Sienrak eta Martinek kalera ateratzearen garrantzia azpimarratu dute. “Azken egunetan Valonian gertatutakoak agerian utzi du beste behin kapitalak eta euren mesedetan agintzen duten ordezkari politikoek nola jokatzen duten. Hala ere, kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, posible da bi hitzarmen hauek geldiaraztea. Izan ere, oraindik bide luzea gelditzen da euren sinadurarako. Posible da gelditzea, eta ziur gaude lortuko dugula!”