EAEko FUNTZIO PUBLIKOAREN MAHAI OROKORRA

Pradalesen Gobernuak uko egin dio galdutako KPIa berreskuratzeari eta plantilla gaztetzeko neurriei

2025/06/17
ELArentzat larria da Eusko Jaurlaritzak kolektiboen arteko desberdintasunaren alde egitea, eta 100.000 langileen baldintzak Euskal Herrian negoziatzea exijitzen du.

Gaur egindako Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean, Enplegu Publikoaren sailburuordeak atzera bota du ELAren proposamena: bai plantilla gaztetzeko neurriak, bai Eusko Jaurlaritzaren mendeko langile guztientzat galdutako KPIa berreskuratzeko neurriak ere. ELAk larritzat jo du Eusko Jaurlaritzak kolektibo batzuetan baldintzak negoziatzeko irekitako bidea, Madrilek ezarritako murrizketa politikak alde batera utzita, 100.000 langileei ez zabaltzea. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak kolektiboen arteko desberdintasuna bultzatzearen aldeko apustua egiten du, sindikatuak salatu duenez, sektore publikoko lan eta soldata baldintzak Euskal Herrian negoziatu behar direla aldarrikatzen baitu.

Zehazki, ELAk, Eusko Jaurlaritzako langile guztientzako zera eskatu du:

  • 2021-2025 ean galdutako KPI ren berreskurapena, eta horretarako 2025 rako % 8 ko igoera.

  • Gazteberritzeko neurriak. Horien artean:

    • Bai funtzionario, estutario eta lan kontratudunentzat erretiroa aurreratzeko neurriak, horretarako lan kontratudun guztiontzako erretiro partzialerako eskubidea berrezartzea, hitzarmenak jasotakoa betez; Estatutario eta Funtzionariontzat aukera hori zabalduz edo formula alternatiboak bilatuz, hezkuntzako sukalde ta garbiketan egin den bezala.

    • Jubilazio primak berrezartzea.

  • Enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko neurri eta data zehatzak.

  • Lan kargak arintzeko eta lana desburokratizatzeko neurriak.

  • Lan osasuna bermatzeko,prebentzio zerbitzuak indartzea eta neurri eraginkorrak hartzea.

  • Euskalduntzeko neurri eta baliabide egokiak.

  • Berdintasuna bermatzeko neurriak.

  • Lanaldia murrizteko neurriak.

Eusko Jaurlaritza, ordea, prest agertu da lan-kontratuko langileei erretiro partziala berriro aplikatzeko. ELAk hainbat mobilizazio eta mahaitan aldarrikatu duen proposamena da azken hautaketa-prozesuetatik datozen zerrendak erreleboa hartuko duen pertsona kontratatzeko erabiltzea. Jaurlaritzak gai horri buruzko proposamen bat egingo du.

ELAk mobilizatzen jarraituko du Funtzio Publikoko langileen beharrak EAEn erabakitzea helburu izanda, kolektiboen arteko desberdintasunekin amaitzeko eta zerbitzu publikoak indartzea lortzeko.