Prekarietate egoerekin amaitzea eta soldata igoerak bermatzea izango dira ELAren helburu nagusiak

2018/02/05
Azken urteetan patronalen erasoei eutsi ondoren, ELA 2018ko negoziazio kolektiboan buru belarri murgilduko da, azken urteotan langileei zegokiena eta kendu dietena berreskuratzeko asmoz. Prekarietate egoerekin amaitzea, soldata igoerak eta lan erreformen ondorioei aurre egitea izango dira ELAren lehentasunak. “Eutsi ta tira! ¡A recuperar lo nuestro!” izango da kanpainaren leloak. Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusia eta Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunak izan dira prentsaurrekoan.

ELAko arduradunen esanetan, erreforma eta administrazio ezberdinen babesaren bitartez, patronalek azken urteak probestu dituzte lan-baldintzak narriatzeko. Inoizko aberastasunik handiena sortzen ari garen honetan, Euskal Herrian 2008an baino 100.000 lanpostu gutxiago dauzkagu eta lan errentek 2,5 eta 3,3 puntu artean galdu dituzte aberastasunaren banaketan, hau da, 2008an baino ia 1.600 milioi euro gehiago dagozkigu orduko errenta banaketa izango bagenu.

Horrez gain, enpleguaren prekarizazioa bizi dugu. Kontratuen erdiek hilabete baino gutxiagoko iraupena dute, kontratuen %92 behin-behinekoa da eta enpleguaren %18 lanaldi partzialekoa da. Are gehiago, azpikontratazio eta zerbitzu enpresen erabileraren bitartez langileek erabateko ezegonkortasuna bizi dute.

Administrazio publikoetan ere ia %40ko behin-behinekotasuna dugu eta, zinismoz beterik soldata igoerak eskatzen ari diren arren, aurten ere enplegatu publikoen soldatak izoztuz eta eros-ahalmena galduz hasi dute urtea.

Honen aurrean, ELAren ustez 2018ak ofentsibarako urtea izan behar du. Lehenik, eremu bakoitzean prekarietateari aurre egiteko neurri zehatzak izango dira gure lehentasun nagusia.

Bigarrenik, enplegu sorrera eta soldata igoerek ekonomiaren hazkundeari erantzun behar diote eta gure eskakizunak zentzu horretan zehaztuko ditugu sektore eta enpresetan. Edonola, 1.200 euroko gutxieneko soldatak eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzea ezinbestekoak izango dira.

Eta, hirugarrenik, ELArekin sinatzen diren akordioak aplikatzeko bermeak izatea, aurreko bi neurriekin batera, izango da ELAren negoziazio kolektiboaren muina.

Patronalaren blokeo jarrera ikusirik, ELAk argi du aurtengoa negoziazio kolektibo gatazkatsua izango dela. Lantokietan langileen haserrea eta nekea nabariak dira, esplotazioaren tolerantzia muga gainditua dago, eta ELAk bere antolakuntza eta erresistentzia kutxa ofentsiba fase honen mesedetan jarriko ditu.

Jarraian, Txiki Muñozek gai honen harira idatzitako iritzi artikulua: 

PwC: Sindikalismoa jomugan