Prekarietatea eta enplegu-suntsipena Eusko Jaurlaritzaren lan publikoetan

2015/10/12
Prekarietatea eta enplegu-suntsipena Eusko Jaurlaritzaren lan publikoetan
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Kultura Sailak prezio barregarriak ezarri ditu ikastetxeetako herri-lanak esleitzerakoan eta horrek noski ondorio kaltegarriak dakarzkie sektoreko langileen baldintza sozio-laboralei eta segurtasun-neurriei. “Aurrezki” edo “gastuaren euspen” moduan erakusten digutenaren atzean beste errealitate bat dago: lanaldi maratonianoak, lan egiteko erritmo azkarregiak, soldata ziztrinak (4, 5 edo 6 euro lanorduko), istripuak, dokumentu publikoak faltsutzea, herri-altxortegiari iruzurra…

MUSIKENE (%30 beherantz)

  • Enpresa esleipendunak: ACCIONA eta LURGOIEN.

  • Lizitazio-prezioa: 25,4 milioi euro.

  • Esleipen-prezioa: 17,9 milioi euro.

  • Burutzeko epeak: 36 hilabetetik 28ra laburtu da.

AZKOITIKO XABIER MUNIBE IKASTOLA (%41 beherantz)

  • Enpresa esleipendunak: VÍAS Y CONSTRUCCIONES.

  • Lizitazio-prezioa: 7,678 milioi euro.

  • Esleipen-prezioa: 4,5 milioi euro.


ELAk gorago aipaturiko bi obrei egindako jarraipen zehatzaren ostean, salaketak jarri ziren, eta obretan izandako lan-prekarietate ikaragarria ez ezik (lazeria-soldatak, gehiegizko lanaldiak…), arrisku larria eta berehalakoa ere bazegoela ikusi zen; batez ere Donostiako Musikeneren eraikuntzan hondoratze itzela gertatu zenean, edo Lan Ikuskaritzak dokumentu publikoak faltsutzeko delitua azpikontrata bati antzeman zionean, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan. Azken kasu horren larritasuna dela-eta, fiskaltzaren eskuetan utzi zen.

Bi obra horietan gertaturikoa ikusita, espero izatekoa zen Hezkuntza Sailak ikasbidea izatea, eta esleipen-politikak aldatzea, alderdi teknikoari eta sozio-laboralari lehentasuna emanez, soil-soilik diruari begiratu beharrean. Bada ez, Sail horrek azken esleipenetan berdin jokatu du, lehen aipaturiko bi esleipenetan egindako beherapenen antzekoak eginez. Eta horren erakusgarri, hiru esleipen ekarri ditugu ikusgai:

BEASAINGO TXINDOKI BHI (%32 beherantz)

  • Enpresa esleipendunak: DRAGADOS.

  • Lizitazio-prezioa: 2,77 milioi euro.

  • Esleipen-prezioa: 1,88 milioi euro.

HERNANI BHI (%40 beherantz)

  • Enpresa esleipendunak: VÍAS Y CONSTRUCCIONES.

  • Lizitazio-prezioa: 4,73 milioi euro.

  • Esleipen-prezioa: 2,82 milioi euro.

BERGARAKO MIGUEL ALTUNA LHII (%41 beherantz)

  • Enpresa esleipendunak: FERROVIAL AGROMAN S.A.

  • Lizitazio-prezioa: 10,36 milioi euro.

  • Esleipen-prezioa: 6 milioi euro.

Egoera honen aurrean, Lan Harremanen bilera eskatu du ELAk Eusko Jaurlaritzak horren inguruko azalpenak eman ditzan.