Prekarietateak eta langabezian daudenen babesgabetasunak gora egin du

2015/03/03
Prekarietateak eta langabezian daudenen babesgabetasunak gora egin du
Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaratu dituen datuen arabera Hego Euskal Herrian (HEH) 219.944 pertsona izan dira langabezian otsailean, pasa den hilean baino 1.649 gutxiago eta duela urte bete baino 9.174 gutxiago. Honela langabezia tasa %16,2an kokatzen da, EB-28koa baino 6,4 puntu altuagoa (%9,8koa izan da urtarrilean).

Langabeziaren bilakaera honen aurrean, enpleguaren errekuperazioaz mintzo diren zenbait ahots entzuten dira, ondorengoa kontutan hartzen ez dutenak:

  • Alde batetik, langabezian izena emandakoen kopurua jaitsi izanak ez du enplegua sortu dela esan nahi. Arrazoi gehiago daude medio, hala nola jendeak lana bilatzerako orduan duen itxaropen eza, edo askok eta askok langabezia saria jasotzeko eskubiderik ez dutenez, langabezia zerrendetan ez dutelako izenik ematen gertatzen da.

  • Beste alde batetik, egiten diren kontratu berriak are gehiago ari dira enplegua prekarizatzen behin-behinekotasuna eta partzialitatea handituz: urtarrilean eta otsailean egindako kontratu guztien % 92,3a behin-behinekoa izan da, eta 2014ko kontratu guztien %36,9a partziala.

  • Langabezian daudenen egoera oso larria da. 122.539 pertsona daude langabezian izena emanda eta inolako prestaziorik jasotzen ez dutenak, guztien % 55,3a.

Hipokresia hutsa da enpleguaren errekuperazioaz hitz egitea Europa mailako hirugarren langabezia tasa altuenarekin, prekarietatea handituz doanean, eta langabetuak alde batera utzita daudenean. Enpleguaren egoera eta gizartearena oso larriak dira HEHan.

ELA beti okerrena daudenen ondoan izaten da, eta politiketan aldaketak exijitzen ditu langabetuen babesgabetasunarekin bukatzeko eta prekarietatearen aurka borrokatzeko.