Prekarietateak maila jasangaitzean segitzen du
2016. urteko hirugarren hiruhilekoan Hego Euskal Herriko langabezia 171.700 pertsonatakoa izan da, %12,7ko langabezia tasarekin. Aurreko urtearekiko, ehuneko batean murriztu da tasa (%13,7koa zen orduan), 9.900 lagun gutxiago daudelarik langabe.
Baina joera hori ez da kolektibo guztietan eman: besteak beste, 55 urtetik gorako langabeen kopuruak gora egin du 3.400 pertsonatan, 21.400era iritsiz. Hauek, %9,2ko langabezia tasa pairatzen dute, urtebete lehenago %8,3koa zelarik.
Eta gazte langabe kopuruak ere gora egin du: iaz baino 1.000 gehiago daude langabe, guztira 27.500. Hala eta guztiz ere, gazte gehiago dabiltza lanean orain eta horrek gazte langabezia tasa murriztu du %39,2tik %37,7ra.
Epe luzeko langabeziak okerrera egin du, urtebete iazko %56,8tik aurtengo hirugarren hiruhilekoan %57era igo baita. Horrela, hamar langabetik ia seik ez dute lanik lortzen langabe geratu eta lehen urtean.
Epe luzeko langabeziaren hazkundeak soilik emakumeengan izan du eragina: 2015eko irailean %51,1 ziren eta aurtengoan %57. Gizonen kasua kontrakoa izan da, 5 ehuneko murriztu ondoren emakumeen maila berean kokatu baita.
Enpleguaren sorrerak (35.900 gehiago azken urtean), gazte (4.200 langile gehiago) eta 55 urte baino gehiagokoei (12.100 gehiago) eragin die. Gainera, hazkunde honekin batera lan partzialen gutxitze bat eman da: lanaldi murritza duten 2.900 langile gutxiago daude; hau era orokorrean eman da Hego Euskal Herrian, EAEko gizonengan izan ezik.
Soldatapeko langile kopuruak ere gora egin du: 44.500 gehiago daude azken urtean, horietatik 25.600 emakumeak direlarik. Hauekin, guztira 1.002.000 soldatapeko langile daude HEHn. Horietatik, %24,5 aldi-baterako kontratudunak dira, urtebete lehenagoko tenporalitate tasa baino baxuagoa izanik (orduan %25,1 baitzen).