Prekarietateari aurre egin behar diote hitzarmenek

2005/04/15
Hori izan da Arriaga antzokian egin den ordezkarien topaketaren mezu nagusia

Ekitaldian lau federazioetako idazkari nagusiek, Adolfo Muñoz negoziazio kolktiboko arduradunak eta Jose Elorrieta idazkari nagusiak hitz egin dute. Caballito enpresako borroka eredugarria omendu dute bertan bildutakoek, enpresa horretako grabalari taldede bat Arriagako eskenategian zela.

Ondotik, bildutakoak manifestazioan joan dira Confebask-eko egoitzaraino. Bertan ondorengo mezua irakurri da ekitaldiari amaiera emateko.

ERREIBINDIKAZIOA DA BIDE BAKARRA

Sinestarazi nahi digute gure errebindikazioetarako aukerarik ez dagoela. Hori gezurra da. Ugazaba pribatu eta publikoek legeari esker gero eta pribilegio gehiago dauzkate, lan-baldintzak etengabe okertzen ari direlako.

Ezarri nahi diguten lan eta gizarte eredua gero eta eskasagoa da. Ez dute benetako argazkia ikusten utzi nahi: Enpresen etekinak hazten ari dira (2004an ehuneko 32), eta soldatek gizartean sortzen den aberastasunean galtzen ari dira.

Bi zergati daude horretarako: Lehena, langileen esplotazioa areagotzen ari da, hainbat bidetatik: aldi baterako enplegua, diskriminazioak eta gehiegizko azpikontratazioa. Lotsagarria da: etekin ikusgarriak dituzten enpresek txantajea egiten diete beharginei lan-baldintzak okertzeko. Bitartean, gobernuek jokabide antisozial hauek ikusita ez dute ezer egiten, eta areago, bidea errazten diete: zergak jaitsi egiten dituzte, gizarte-eredua zalantzan jartzeraino, eta legeak aldatzen dituzte enplegua gero eta malguago izan dadin.

Harritzekoa da egoera latz honetan sindikatu batzuk ugazabei eta gobernuei babesa ematea. Zoritxarrez, ordea, hori gertatu egiten da. Arazoei heldu beharrean, sindikatu horien helburua lege-erreformak hitzartzea da. Gure ikuspegitik, amore emateko jarrera hori ezin da onartu.

Bi aukera ditu mugimendu sindikalak: Lehena, enpresaburu eta gobernuen kide izatea, horren truke finantzatzeko baliagarri diren hainbat zerbitzu kudeatuaz, eta bigarrena, botere horiei aurre egiteko borroka sindikala hautatzea.

Badakigu erronka hori zaila dela. Baina ez dugu gertatzen dena deskribatzen duen notario bat izan nahi. Negoziazio kolektiboan errebindikazio-edukiak dira gure lehentasuna. Bide horretarako baditugu aliatuak, eta horiek langileak dira; klase-sindikatu garen aldetik, elkartasuna ere aintzat hartzen dugu. Inork ez du bere borondatez esplotaziorik onartzen; kolokako egoeran daudenek errebindikazio-estrategia sinesgarriak bilatzen dituzte; sindikatua beren interesetatik hurbil dagoela ikusi nahi dute.

Hain zuzen, ELArentzat prekarietatea lan sindikalaren erdigune bilakatzen da, militante legez hartu dugun konpromisoaren oinarri.

Gure negoziazio kolektiboaren lehentasuna prekarietatearen aurkako borroka da, eta argi ikusten dugu ugazabekin horri buruz eztabaidatzeko ezinbestekoa dela indarrak metatzea; errespeta arazteko indar sindikala beharrezkoa dugu. ELAren iritziz, eduki horiei heltzeko esparru egokienak aukeratu eta landu behar dira; ezin dugu enpresaburuentzat erosoena den negoziazio eredua kudeatu.

Patronalak amore eman dezan bide bakarra dugu; gure burua errespeta dezaten lortzea.