Prekarietateak emakume aurpegia du

2009/03/06
Prekarietatearen aurkako borroka gure ekintza sindikalaren ardatz nagusietako bat dela adierazi du Alazne Alonso Genero Politikaren arduradunak Bilboko ekitaldian. Bere esanetan, argi dago lan-munduko prekarietateak emakume aurpegia du.

Alazne Alonso, Genero Politikaren arduradunak, Adolfo Muñoz, idazkari nagusia eta borrokan dauden hainbat arlo eta enpresetako arduradunekin batera, ekitaldi publikoan parte hartu du Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela-ta. Ondoren, manifestazioa burutu da Bizkaiko Diputazioaren inguruetaraino.

Alonsok hiru errudun nabarmendu ditu: patronala; administrazioa eta gobernuak; eta matxismoa edo patriarkatua. Patronala diruzalea da, eta lehentasuna ematen die bere interes eta etekinei, langileen lan-baldintzen aurretik. Horretarako, prekarietate-poltsak izatea komeni zaie, lan-esku merkea izateko. Patronalari interesatzen zaio emakumeak prekarietate-egoeran izatea beti. Bost axola zaie gure lan-baldintzak, irabaztea dute helburu bakarra.

Gobernuek eta Administrazioek ere badute zeinek bere erantzukizun-zatia, azpimarratu du. “Ez dute betetzen beren eginbeharra, eta ez dute politikarik abian jartzen, emakumeok pairatzen dugun diskriminazioa ezabatzeko. Ez dute diru nahikorik bideratzen gizarte-gastura, eta beraz, gizarte-zerbitzuak ez daude bermaturik. Eta esparru publikoan eskubide horiek ez daudenez bermaturik, emakumeek hartu behar dituzte beren gain lan horiek esparru pribatuan”.

Alazne Alonsok,Emakunde erakundea kritikatu du esanez hainbat sektoretako emakumeek, lan-baldintza duinen eske eta prekarietate eta diskriminazioaren aurka, grebara jo behar izan dutenean, Emakundera joan dira laguntza bila, gatazka azaltzera eta diskriminazio-egoeren aurkako konpromisoa zenbaterainokoa zen ikustera, eta hara non, ez dutela batere laguntzarik aurkitu. Emakundek ez dio aurka egin nahi patronalari, ez pribatuari, ezta publikoari ere. Zenbaitetan, herri-erakundeek berek sustatzen dute emakumeen lan-baldintzak prekarioak izatea.

Adolfo Muñoz,idazkari nagusiak azpimarratu duenez, prekarietateari aurre egin ahal izateko, beharrezkoak dira antolamendua eta borroka. Ekinaren ekinez lortzen dira gauzak, eta adibide ugari dugu: egoitza bat baino gehiago, Gasteizko etxez etxeko laguntza, parekatze-borroka hainbat herritan, Ariznabarra, Basauriko FCC, Telemarketing, Asifes, Gipuzkoako zahar-etxeak, Sabeco, Eulen...

 “Gauza bat izan behar dugu oso argi: patronalak, ez publikoak, ez pribatuak, ez dute ezertxo ere emango; ez baitute batere gogorik beren gozopila inorekin partekatu nahi. Ez da txiripaz grebarik luzeenak emakumeenak izatea ”, amaitu du.