Kutxabank

Presidenteak jende aurrean esandakoa entitatean bertan bete dezala belaunaldi arrakala ez areagotzeko eskatzen du ELAk

2024/05/22
Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak adierazpen kontrajarriak egin zituen Bilboko Guggenheim Museoan Zedarriak elkarteak antolatutako Hezkuntza eta Enpresaren arteko Elkargunearen II. Nazioarteko Jardunaldian. Izan ere, adierazi zuen gazteek bidezkoak ez diren soldatak jasotzen dituztela, eta beharrezkoa dela soldatak hobetzea bizi proiektu bat izan dezaten. Hori dio iaz 510 milioi irabazi eta 2024ko lehen hiruhilekoan 120 milioiko irabazi garbiak izan dituen erakunde bateko presidenteak, iaz baino %8,5 gehiago. Onura horiek nahikoak dira langile guztiei KPIaren igoera bermatzeko, baita gazteei soldata hobetzeko ere, baina bere hitzak ez ditu islatzen Kutxabanken.

Kutxabanken sartzen diren gazte gehienek entitateko soldatarik txikiena jasotzen dute, hau da, urtean 25.083 euro; benetan soldata horren %82 jasotzen dute, 22.106 euro, formakuntza kontratua dutelako. Horrek esan nahi du orain 35 urte Kutxabanken lanean hasi zen pertsonaren soldata bera jasotzen dutela. Beraz, datuek erakusten dute Kutxabankek bere plantillaren baldintzak okertu dituela urtez urte, presidenteak sektore pribatuari lezioak ematen badizkio ere, eta areagotu dela belaunaldien arteko arrakala.

Bestetik, Arriolak ere adierazi zuen ordainsaria garrantzitsua dela talentu ihesa saihesteko. Bada, Kutxabanken kontratu finkoarekin kontratatutako langileen %25 ingurukoa da ihes hori.

Kutxabankek aukera du besteei esandakoa norbere etxean betetzeko arrakala hori mugatzeko. 35 urtetik beherako langileen soldatak nabarmen handitu ditzake, lanbide sustapenerako aukerak eskaini, kontziliazioa bultzatu... eta horretarako ezinbestekoa da hitzarmena EAEn negoziatzea.

Bada garaia enpresek benetako konpromisoa erakuts dezaten ahoz aldarrikatzen duten justizia sozial hori errealitatera ekartzeko, ez hitzekin bakarrik, baita ekintza zehatzekin ere.