Preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa Baionan ekainaren 24an

2006/06/14

Presoen eskubideen defentsan aritzen den Ibaetako Foroak manifestazioa deitu du Baionan datorren ekainaren 24rako. Deialdia gaur eguerdian Ibaetako foroa osatzen duten sindikatuen ordezkariek eta enpresa komiteetako delegatuek emandako prentsaurrekoan luzatu dute. Bertan, Jose Elorrietak gai honen inguruan foroak berak azken hilabeteotan eginiko lana gogoratu du, eta bereziki, duela aste batzuk Frantziako errepublika buru den Jacques Chiraci eta Espainiako presidenteari, Rodríguez Zapaterori alegia, bidalitako gutuna. ELAko idazkari nagusiaren aburuz, "egoera politiko berrian ere presoen eskubideak urratzen ari dira. Eta balizko bake prozesu batean, presoak ezin dira truke txanpon gisa erabili. Presoen eskubideak ezin dira dosifikatu estatuen interesen arabera. Preso politikoen eskubideak, pertsona guztien eskubideak bezala, lehia politikotik kanpo kokatu behar dira beti". Elorrieta zera gogoratu du: "Sindikatuak garenez, mezu hau enpresetara luzatu nahi izan dugu... Lan munduaren presoekiko konpromezua agertu nahi dugu, eta datorren hilaren 24an burutuko den manifestaziora deitu".