Nafarroako Lanbide Heziketa
Prestakuntza dualean muturreko egoera dagoela salatu dute

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu nagusiek salatu dutenez, Lanbide Heziketaren Lege berria martxan jartzeak gainkarga jasanezina eragiten die irakasleei.
Gimeno kontseilariak iragarritako 200 orduek ez dute baliabide falta konpontzen. Ordu horiek LHko 20 ikastetxeen artean banatu behar dira, eta horrek ia ez du errefortzurik suposatzen, eta gainera, ziklo berriak daude eskaintzan. Bien bitartean, irakasleen zereginak biderkatu egin dira LH Dualarekin — administrazio-izapideak, enpresekiko hitzarmenak, curriculumak egokitzea —, ikasleen zuzeneko arreta murriztearen kontura.
Departamentuaren aurreikuspen faltaren aurrean, baliabideak berehala hornitzea eskatzen dute. Hainbat ikastetxe mobilizatzen hasi dira dagoeneko, eta egoera zuzendu ezean protestak areagotuko direla ohartarazi dute.