Propaganda egiteari uzteko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari

2009/05/27
Eusko Jaurlaritzak 20 milioi eurotan gehitu du 2009rako Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) hornidura. ELAren iritziz, honek agerian uzten du bere gabeziarik nagusiena, hau da, ez direla onarturiko eskubide, beste zuzkidurekin gertatzen den bezala, baizik eta uneko aurrekontu zuzkiduraren baitan dauden laguntzak direla.

1.GLLen zuzkidura gehitzea onuragarria bada ere, gehikuntza honek agerian uzten du bere gabeziarik nagusiena, hau da, ez direla onarturiko eskubide, beste zuzkidurekin gertatzen den bezala, baizik eta uneko aurrekontu zuzkiduraren baitan dauden laguntzak direla. Zentzu honetan, agerian geratzen da, ELAk bere garaian esan zuen bezala, 2008ko abenduaren 23an Eusko Legebiltzarrean onarturiko Diru Sarrerak Bermatzeko Legeak aurrerapausorik ez zuela ekarri gai honetan, eta GLLak onarturiko eskubidean bilakatzeko aukera galdu zela. Gogoratu beharra dago Lege hau PSE-EEren babesarekin onartu zela.

 2.Aurrekontu gehikuntza honen beharrizanak agerian uzten du, aldi berean,  GLLetarako 2009ko aurrekontuetan jasotako zuzkidura erabat eznahikoa izan zela. Aurrekontu hauek ere egungo Gobernuaren babesarekin onartu ziren.

 3.Gehikuntza hau ez da nahikoa izango jenderik behartsuenen beharrizanei erantzuteko.

 4.Aurrekontu gehikuntzak propaganda egiteko balio dio Eusko Jaurlaritzari, legez jendearen beharrizanak bermatu beharrean. Agerian geratzen da, honela, Eusko Jaurlaritzaren politikak aurreko gobernuaren berdinak direla, baita gai honetan ere.

ELAk beharrizan sozialekin propaganda egiten uzteko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, eta hauei erantzun egokia emateko, GLLak eskubide izan daitezen legea aldatuz. Ekonomikoki posiblea da, borondate politiko kontua baino ez da.