Propagandarekin ez da lan istripuen kopurua murriztuko
2008/06/04
ELAko 200 ordezkari elkartu dira Bilboko Euskalduna Jauregian lan eta segurtasun alorrean Eusko Jaurlaritzak daraman jarrera salatzeko. Izan ere, leku horretan antolatu du Osalanek Lan eta Segurtasunaren Nazioarteko III. Kongresoa. “ 2007an 108 hildako lan istripuetan. Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizunari muzin. Stop accidents at work” lemapean egin den elkarretaratze honen bitartez, arlo honetan Jaurlaritzak ezer gutxi egiten duela azpimarratu nahi izan dute ELAko ordezkariek.
Jose Elorrieta idazkari nagusiaren hitzetan, "lan osasuna eta segurtasuna ez dira lehentasun bat Jaurlaritzaren eguneroko zereginean, nahiz eta kanpora begira, propaganda dela medio, kontrakoa adierazten saiatzen den". Elorrietak batzorde eragileko beste hainbat kidekin batera parte hartu du protestan eta lan istripuak murrizteko bide eraginkorrena lan baldintzak hobetzea dela adierazi du.