Protestak eskola publikoaren murrizketa hitzarmena salatzeko

2010/06/09
ELA, LAB eta EILAS sindikatuek ekainaren 24rako elkarretaratzeak deitu dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak CCOO eta UGT sindikatuekin eskola publikoen inguruan astelehenean egindako murrizketa akordioa salatzeko.

Hiru sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez Bilbon, Maiatzaren 25ean gogor erantzun zuten Irakaskuntza Publikoan greba arrakastatsua burutuz. Garbi gelditu zen irakasleen gehiengoak murrizketak eta atzera pausuak baino ez zekartzan aurre-akordioaren aurka zegoela.

Aurre-akordioa aplikatzen hasi zirenean, aurrez guk salatutako guztia betetzen zela ikusteak kezka areagotu zuen. Ikastetxeetako Lanpostu Zerrenden inguruko protestek eta zuzendari kopuru handi baten haserreak hau guztia baieztatu baino ez zuten egin.

Berdin izan zaie gehiengoak horren kontrako jarrera adieraztea, eskola publikorako baldintza hobeak eta baliabide gehiago esijitzea. Berdin zaie, berea inposatu eta aurrera jarraitu dute. Joan den astelehenean hiru urtetarako eragina izango duen akordioa sinatu dute babes ulertezina eman dien CCOO eta UGT sindikatuekin, ordezkaritza sindikalaren %35 dutenekin, hain zuzen.

Egindako mobilizazioen eta ikastetxeen eta zuzendarien protesten ondorioz,  lehenengo aurre-akordiotik hona hobekuntzak sartu behar izan dituzte. Beraz, presioak bere eragina izan du. Hala ere, 25eko greba konbokatzeko egin genituen adierazpenean jasotako balorazio bera egiten dugu atal nagusei begira: ez dago aurreko hitzarmenarekiko hobekuntzarik, murrizketak datoz eta eskubide laboral eta sindikalak nabarmenki urratzen dira: plantiletan, hezkuntzako behar berezietan, ordezkoen lan-baldintzetan, lan-sarien sistema berrian, Irale zerbitzuko eskaintzan...

Baina are larriagoa da egoera sinatu berri den akordioan jasotako zenbait atal indargabetuak gelditu direlako indarrean jarri aurretik. Soldatei buruzkoa da hauen artean nabarmenena.

Benetan bitxia da akordio honekin gertatzen dena: lehen aldiz beste maila bateko akordioetatik datozen neurriak murriztu egiten dira bertan txertatu orduko: EPE deialdietarako plazak, erretiro aurreratuari dagozkion sariak, urteko igoera...

ERErik gabeko erregulazioa gauzatu nahi dute, inolako kosturik gabe

Kezkatuta gaude, benetan kezkatuta, lanpostuen galera modu ezkutuan gauzatzeko interes berezia dutelako. Estali nahi dute ordezko kopuru handi bat lanik gabe geldituko dela, ordezkapen gutxiago beteko direlako, IRALEko liberazioetan 100 lanpostu inguru gutxiago izango direlako, lanpostu zerrendetan plaza ugari mugatuko dituztelako, formazioa ez delako bideratuko ordutegi lektiboan... Hau da, kontratazio maila jaitsi egingo da nabarmen, bi ondorio nagusi eraginez: lanean ari direnentzat lan karga handiagoa eta ordezkoentzat, ordezko espezialistentzat bereziki (heziketa fisikoa, haur hezkuntza, musika), lan aukera urriagoak. Langabezi tasa nabarmen handituko da sektorean.

Larria da Eskola Txikiek jaso dituzten murrizketak. Duten egoeragatik eta betetzen duten helburu sozialarengatik baliabideen bidez saritu beharrean, begirune gutxiz tratatuak izan dira.

Gezurretan oinarritutako jarduna

Edozer gauza egiteko prest daude, dena justifikatzeko gaitasuna erakusten ari dira eta eragiten ari diren kalteak zuritu nahi dituzte. Irakasleria are eta gehiago aztoratzen, aspertzen eta  gogaitzen ari dira. Denak profesional oso onak omen gara, baina bakarrik men egiten dugun bitartean. Orduan hasten dira irainka eta agintekerian. Ez dute kritika arinena ere onartzeko asmorik. Beraiek egiten duten guztia ondo omen dago. Gezurra dirudi zer axola gutxi zaien irakaskuntza publikoa kaltetzea, zerbitzu publikoaren kalitatea kaltetzea, eta nolako ardura hartzen duten egiten duten guztia diskurtso, propaganda eta zurikeriaz apaintzeko.

Gezur handiena gauzak aldatu, adostu eta denon arteko elkar lanean aritu behar dugulakoa da. Hitz hutsalak besterik ez lirateke izango, baldin eta inposaketa eta agintekeriaren atzetik garbi ez balego ez dutela inongo planik, ezta asmorik ere, irakaskuntza publikoa indartzeko, dagoen egoeratik atera eta aurrera egiteko.

Negoziazio prozesua hasi orduko esan genuena berresten dugu: ez dugu onartuko krisi egoera erabiltzea zerbitzu publikoak kaltetzeko, ikastetxeen baliabideak murrizteko eta sektore ahulenen egoera okertzeko. Prozesuan zehar murrizketak, morrontza sindikala eta gezurrak salatu ditugu. Zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu, akordioak ikastetxeetara mozketak dakartzala erakutsi baitigu.

Baliabide gehiago eta lan baldintzak hobetzea exijituz abiatu ginen, eta berean mantenduko gara, are gehiago euren asmoak nola gauzatzen ari diren ikusirik. Ez dugu etsiko hezkuntzaren kalitatearen defentsan, plantilla sendo eta nahikoak izateko eskubidearen aldarrian eta lan baldintza duinen aldeko jarreran.

Ikastetxeei luzatu dizkieten Lanpostu Zerrenda askotan jasotako astakeriak leunduko dituzte. Litekeena da aurreko egoerara hurbiltzen saiatzea. Edozein modutan, ez dira egun esku artean ditugun datuek diotena, asko da hobetu beharko luketena, zurikeriaren eta itxuraren marra gainditzeko. Bestela esanda, irakaskuntza publikoak dituen benetako arazoei erantzun egokia emateko oso urrun dago akordioan jasotakoa.

Hala ere, badute oraindik aukera bat demostratzeko beren sinesgarritasuna eta irakasleen Hezkuntza Sailaren egitasmoekiko atxikipena: ariketa demokratikoa gauzatuz, egin dezatela kontsulta demokratikoa irakasle guztien artean akordioa berresteko.

Halakorik ezean, ikasturtearen amaiera eta hurrengoaren hasiera gatazkatsuak izango direlakoan gaude.

Eskola komunitateari eta jendarteari dei egin nahi diegu egoeraren jabe izan daitezen. Lan-akordio berri honen bidez ez zaie erantzuten egungo eskolak dituen errenka eta beharrei. Erne egon beharra dugu etorriko diren neurriei aurre egin eta kalteak saihestek. Hezkuntza kalitatea ez da pribilejioa, denon oinarrizko eskubidea da.