EAJk eta PSEk milaka langileren eskubideak lurperatu dituzte

2016/03/15
EAJk eta PSEk milaka langileren eskubideak lurperatu dituzte
ELAk Legebiltzarrean 110.000 sinaduraren babesarekin aurkeztu zuen Herri-Ekimen Legegilea (HEL edo ILP). Gaur ekimena osoko bilkuran bozkatu baino lehenago izango den azken urratsa egin da, Ogasun batzordeko bilera. ILParen helburua da herri-administrazioetako azpikontratetan diharduten 55.000tik gora beharginentzat lan-baldintza duinak bermatzea.

PSEk eta EAJk oraingoan ere baztertu egin dute langileen alde jokatzeko aukera, eta beste behin lehenetsi egin dituzte beren adiskideen esku dauden enpresen etekinak eta interesak; milaka langileren baldintzak ez dira garrantzitsuak. Legebiltzarreko tramitazio aldian egiaztatu dugu bi alderdiok ez dutela borondaterik diru publikoz finkatzen den prekaritateari aurre egiteko.

PSEk eta EAJk adostu duten testuak ez du ezer konpontzen; gauzak zeudenetan uzten ditu. Bi alderdiek milaka lagunen lan-baldintzak hobetzeko aukerari uko egin diote; hau da beren benetako politika, ez besterik. Alderdien artean EH Bilduk bakarrik agertu du ILParen aldeko jarrera; gainerako indarrek agerian utzi dute herri-administrazioek azpikontratatzen dituzten langileak ez zaizkiela axola: hauen lan-baldintzak modu garantistan arautzerik ez dute nahi.

Jarrera honekin PSE eta EAJ prekaritate politiken laguntzaile eta sustatzaile bihurtzen dira; bide ematen diete lehiaketetan gero eta merkeago eskaintzen diren prezioei eta enplegu ezegonkorrari. Hots, diru publikoa aurreztea da xedea, milaka langileren lepotik.

ELAk ez du etsiko euskal administrazioetan subrogazioa eta bertoko hitzarmen kolektiboak aplikatuko direla bermatu arte. Horretarako erakundeetan (udal, aldundi eta gobernuan) hainbat ekinbide bultzatuko ditu.