PSN, Contigo-Zurekin, PP eta Voxek bat egin dute pertsona zaurgarrienen kalterako LGS propioaren aurka bozkatuz
ELA eta LAB atzo María Chivite presidentearekin bildu ziren Nafarroak LGS propioa izateko beharra helarazteko.
Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako lege proposamena bozkatu da, ekimenaren sustatzaile diren sindikatuen ekimenez erregistratua. Azkenean legea ez da aurrera atera, PSNk eta Contigo-Zurekinek beren kontrako botoak batu baitituzte Alderdi Popularraren eta Voxen botoekin, egoera okerrenean dauden langileak (pertsona migratuak, desgaitasuna duten pertsonak, emakumeak, gazteak...) lagunduko lituzkeen proposamena baztertzeko, eta Nafarroako gizarte osoarentzat, salbuespenik gabe, positiboa dena.
Nafarroak LGS propioa izatearen proposamenak pobreziaren hazkundearen aurka egiten du, Nafarroaren autogobernuan aurrera pausoa da, eta Estatuko gainerako langileekin solidarioa da, haiei ere gutxieneko soldatak hobetzeko aukera ematen dielako eta autonomia erkidego batek ere Estatuko LGSaren zenbatekoa jaisterik izan ez dezan bermatzen duelako. Horregatik, baieztatzen dugu PSNren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoa langile klasearen interesen aurkakoa dela eta patronalari bakarrik egiten diola mesede. Hau da, PSNren eta Contigo-Zurekinen posizioa patronalarekiko solidarioa da, are gehiago UPNren abstentzioa kontuan hartuta.
PSN eta Contigo-Zurekin azken urteetan Estatuan LGSaren igoera garrantzitsuak babestu dituzten bi alderdi dira, eta autogobernuaren defendatzaile direla diote. Hala ere, gaurko bozketan argi geratu da UGT eta CCOOen jarreraren menpe daudela, eta Estatuaren ikuspegi uniformizatzaile eta zentralista dutela. Zoritxarrez, Nafarroako gizartea, eta bereziki pertsona zaurgarrienak, izango dira PSNren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoaren kaltetu nagusiak.
Nafarroako Parlamentuan legea baztertu den arren, ekimen honen sustatzaile garen sindikatuok ez dugu amore emango Nafarroak LGS propioa lortu arte. Gogorarazi nahi dugu aldarrikapen hau Madrilgo Kongresura irits dadin ekimena martxan dagoela. Kongresuan gehiengoa osa dezaketen alderdi politikoekin bilera erronda egin dugu, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko lege proposamena onar dadin, autonomia erkidegoek beren LGS propioa ezarri ahal izan dezaten, betiere Estatuko LGSaren gainetik. Bilera horietara joan diren alderdi bakar batek ere ez du gure proposamenaren aurka egin. PSN eta Contigo-Zurekin askoz ere oldarkorragoak dira ekimen honekin hemen, Madrilen dituzten kideak baino.
Helburu berarekin, ELA eta LAB sindikatuak atzo María Chivite presidentearekin bildu ginen Nafarroarentzat LGS propioaren proposamena helarazteko, eta patronalari presioa egiten jarraituko dugu Nafarroako langile guztientzat 1.500 euroko gutxieneko ordainsaria negoziatzera eseri dadin.
Mobilizazioei esker aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara Nafarroarentzat LGS propioa eskuratzeko bidean, dagoeneko oinarriak jartzen ari gara horretarako. Hasieran ILP baten bidez gure eskaera izapidetzea galarazi ziguten, baina azkenean lege arrunt baten bidez tramitatzea lortu dugu. Chivite presidenteak ELA eta LABekin biltzeari uko egin zion hasieran, eta azkenean egitera behartuta ikusi da. EAJk Eusko Legebiltzarrean aurka bozkatu du, baina Nafarroan, Geroa Bai koalizioaren bidez, alde bozkatu behar izan du. Eta UPN ere gaurko bozketan abstentziora joan da. Gainera, Kongresuan lege proposamena martxan jartzeko urratsak egiten jarraitzen dugu. CEN patronalak ere ez zuen atzo negoziazioan parte hartzeko atea itxi.
Horregatik guztiagatik, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde erabakita gaude kalean eta lantokietan presioa egiten jarraitzeko, Nafarroako langile askoren bizi baldintzak hobetuko lituzkeen aldarrikapen hau lortzeko. Martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorrak bultzada erabakigarria emango dio Nafarroan 1.500 euroko LGS propioa lortzeari, eta horregatik langile guztiak grebara eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.