INBESTIDURARAKO NEGOZIAZIOAK

PSOE-EAJren itunak euskal hitzarmenak lehenestea ELAk lan erreformen aurka egindako mobilizazioen ondorioa da

2023/11/10
Kongresuan onartzeke dagoen itunak negoziazio kolektiboko zenbait neurri zentralizatzaileen inposizioa zuzenduko luke. Testuak, bere osotasunean, ez du salatzen ez-betetze historikoak (Gernikako Estatutua eta LORAFNA), eta hainbat arlotan zehaztasun falta dago.

PSOEk eta EAJk sinatutako inbestidura akordioa nahita da generikoa eta zehazgabea, eta ez du abiapuntutzat hartzen estatuak Gernikako Estatutuaren eta LORAFNAren eskumenen inguruan behin eta berriz egindako ez-betetzeak.

Nazio aitorpenak, euskal eskumenek eta berme sistemek ez dute PSOE konprometitzen, ezta lotzen ere; alderdi horrek duen borondatearen araberakoa da. Elkarrizketari, negoziazioari eta fede onari buruzko aipamenek ez dute euskal herritarrentzat parte hartzeko bide eraginkorrik eskaintzen, apelazio orokorretatik gaindi.

Hala ere, akordioak esplizituki eta epe jakin batekin jasotzen du ELAk historikoki defendatu duen aldarrikapenetako bat: hitzarmen autonomikoek estatukoen gainetik duten lehentasuna. Patronalak, UGTk eta CCOOk estatuko hitzarmenak erabili dituzte lan baldintzak okertzeko.

Akordioaren puntu hori berretsiko balitz (84.3 eta 84.4 artikuluak aldatzea), albiste ona izango da euskal langileentzat. Kongresuan balioztatu behar da testua, eta oraingoz ezagutzeke dago Gobernuko gainerako kideen jarrera; beraz, itundutakoaren aplikazioa ziurgabea da.

Lan arloan, gogoratu behar da Lan Erreformaren aurka agertu zela ELA, ez zituelako 2012ko erreformaren murrizketak bertan behera uzten, eta ez zuelako bermatzen lan hitzarmenak Euskal Herrian negoziatu ahal izatea. Horregatik, ELAk greba orokorraren beharra defendatu zuen orduan. Aldarrikapen horri eutsi zaio: PSOEren eta EAJren akordioaren arabera, sei hilabeteren buruan Langileen Estatutua aldatu beharko da, hitzarmen autonomikoak Estatukoen gainetik egon daitezen. Neurri hori ELAk azken urteotan behin eta berriz egin duen mobilizazio-presioaren ondorio da.

Beste puntu batzuetan, ordea, ELAk ezin du balorazio positibo bera egin. Itunak ez du bermerik ematen honako hauek EAEn zein Nafarroan negoziatu ahal izateko: sektore publikokon birjarpen kopuruen tasa kentzea, zein plantillak finkatzeari eta ordainsariak handitzeari dagokionak.ELAk, beraz, bere aldarrikapenei euten die, eta ohartarazi du gai horiek direla, besteak beste, sektore publikoko azken grebak eragin dituztenak.