PSOEk eta PPk etorkinen eskubideak murriztea adostu izana salatu du ELAk

2006/09/11

ELAren Inmigrazio gaietarako arduradun Alazne Alonsok salatu duenez, PSOEk eta PPk etorkinen eskubideak urratzen dituzten inmigrazio politikekin jarraitzeko asmoa dute. Alonsoren ustez, bereziki salagarria da bi alderdi horiek iragan urtean adostutako Atzerritartasun Legearen ildoekin jarraitu nahi izatea.

Espainiako Gobernuak legez kanpoko etorkin gehiago ez onartzearen eta kanporatzearen beharra aipatu du. Bestalde, PPk erregularizazio prozesu gehiago ez egitearen proposamenarekin bat datorrela gaineratu du. Alonsoren ustez, adierazpen hauekin argi gelditzen da Espainiako Gobernuak orain arteko politikekin jarraitzeko asmoa duela, eta horrelako jarrerekin arazoa ez dela konponduko gaineratu du.

Euskal Herrian lanean diharduten pertsona guztien eskubideak aintzatestea eskatzen du ELAk, bakoitzaren jatorria zein den kontutan hartu gabe. Alazne Alonsok aipatu duenez Espainiako inmigrazio politika Europako Batasuneko politika neoliberalen emaitza da, eta orokortu den laneko esplotazioa errazten dutela gaineratu du.