Qatarreko Futbol Txapelketako lan heriotzak eta eskubide urraketak salatzeko elkarreratzea egin du ELAk

2022/11/18
ELAk elkarretaratzea egin du gaur Donostiako Anoeta estadioaren aurrean, gaitzesteko Qatarreko Munduko Futbol Txapelketa eta kirola erabiltzea oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez dituzten diktadurak zuritzeko. Ikerketa ofizialen arabera, 6.500 langile baino gehiago hil dira estadioak eraikitzen.

Munduko txapelketarako futbol zelaiak eraikitzeko langileen baldintzak esklabotzaren parekoak izan dira. Kalkulurik apalenen arabera, lan horietan hil diren langileak 6.500 izan dira, baina beste ikertzaile batzuek diote 15.000 izan litezkeela. Batetik, garbitasun baldintzak negargarriak izan dira, eta bestetik, lanaldi amaigabeak pairatu behar izan dituzte, tenperatura izugarri altuekin.

Qatarreko estatuak “kafala sistema” izeneko legea ezarri zuen; horren ondorioz, batik bat Afrika eta Asiatik joandako immigranteak ustiatu dituzte; nagusiaren kontrolpean geratu dira. Lege hori dela medio, langileak bere dokumentazioa enplegatzaileari eman behar dio eta menpe geratzen da, inolako eskubiderik galdatzeko aukerarik gabe; areago, Emirerritik ere ezin dute atera ugazabaren adostasunik gabe.

Era berean, ELAk salatu nahi du FIFA eta antzeko erakundeen jarrera: milioika lagunek jokatzen duten kirol bat diktadura baten esku jartzen du, eta bere erregimena zuritzen du, nahiz eta homofoboa, emakumeentzat diskriminatzailea eta lan eskubideen zapaltzailea den eta sexu-orientazioaren arabera jendea espetxeratzen duen. Hori gutxi ez, eta jasaten ari garen klimaren krisi honetan hilabete eskas iraungo duen txapelketa baterako eraiki dituzte estadio berriak; ingurumenean izango duen eragin latz horrek ez dauka logikarik.

ELAko eraikuntza sektorekook hori guztia salatzeko kontzentrazioa egin nahi izan du Gipuzkoako Futbol Federazioaren aurrean, Anoetan, zeina Espainiako Federazioaren kide ere baden. Aldi berean, hildako langileei omenaldia egin nahi izan dio sindikatuak, eta futboleko arduradun eta erakundeen hipokrisia salatu.