Rafael Bengoa, Osasun sailburua, bat bator Rajoyrekin
Adierazpen horien larritasuna dela-eta, ELAtik zenbait zehaztapen ekarri nahi ditugu.
Lehenengo eta behin, gure politikariei ahaztu bide zaie Euskal Administrazio Publikoko 35 orduko asteko lanaldia hitzartua izan zela. Akordioa 2000. urtean lortu zen, hainbat mobilizazio egin ondoren, eta horien artean bereziki aipatu beharrekoa da 1999ko maiatzaren 21eko greba orokorra, legegintzako herri-ekimen baten alde burutu zena.
Alde horretatik gogoratu behar dugu eskubide hori, beste batzuekin batera, Eusko Legebiltzarreko lege baten bidez arautu zela.
Bigarren, ELAk eskatu izan die behin eta berriz euskal administrazioei beren gain ez hartzeko azken urteotako politika eskuindarrak, doikuntzak eta murrizketak; Rajoyren Gobernuak orain proposatu dituenak bezalakoak.
Hirugarren, ELAtik politikarien itxurakeria salatzen dugu; izan ere, batetik lehendakariak, erretorika hutsezko ariketak eginez, Estatu Espainoleko presidentearekiko aldeak azpimarratzen dituen bitartean, bere sailburuak neurri atzerakoi horien alde agertzen dira.
Laugarren, argi utzi nahi dugu Rajoyren erabakiak langileen lan-baldintza duinen guztiz kontrakoak direla. Gainera, enplegua suntsitzen dute, eta Eusko Jaurlaritzak zaindu beharko zuen eskumenen esparruko muga gainditzen dute.
ELAk jokabide argia eta bakarra eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari: berez dagokion eskumen-esparruaren alde agertzea. Bestalde, Osasun sailburu Rafael Bengoa kargutik kentzeko eskatzen dugu, egindako adierazpenen larritasuna dela-eta.