PENTSIOAK

Rajoyren pentsio erreformako errelebo kontratu murriztaileena aplikatuko du Eusko Jaurlaritzak

2024/04/03
Eusko Jaurlaritzak, UGTk eta CCOOk adostutako testuak are gehiago zailtzen du sektore publikoko lan kontratuko langileek erretiro partziala hartzea: alde batetik, kotizatutako urteak handituko ditu eta erretiro adina atzeratuko du; eta bestetik, langile finkoek bakarrik eskuratu ahal izango dute erretiro partziala. Gainera, akordioak ez du inolako formularik aurkezten funtzionarioen eta estatutupeko langileen erretiro aurreraturako, eta erretiro primen murrizketari eusten dio.

Errelebo kontratua hartuko duen langileari dagokionez, aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratua izango du. Beraz, lanpostu finkoak aldi baterako langileekin beteko dira. “Jada onartezina den behin-behinekotasuna are gehiago handituko du”, kexu da ELA.

Sindikatuaren ustez, Eusko Jaurlaritzak bi aukera zituen: alde batetik, sindikatuekin akordio berri bat negozia zezakeen, kolektibo guztiei — funtzionarioei, estatutupekoei eta aldi baterakoei — erretiro adina aurreratzeko, partzialki erretiratutako langileen benetako lan denbora murrizteko eta kontratu hartzaileari lanaldi osoko kontratu finkoa aitortzeko tresnak eta formulak planteatzeko, behin-behinekotasuna geldiarazteko; edo, beste alde batetik, Rajoyk bultzatutako erretiro partzialaren aplikazio murriztaileena mantendu eta bere egin zezakeen. Bada, bigarren aukera horren alde egin du Jaurlaritzak, CCOOren eta UGTren babesarekin.

ELAk mobilizatzen jarraituko du sinatutako akordioak bete daitezen eta benetako negoziazioa has dadin belaunaldi erreleborako hobekuntzak sartzeko, hala nola, erretiro partziala eta aurreratua kolektibo guztientzat.