Ros Casares-ko zuzendaritzak Gasteizko lantegiak itxi nahi ditu
Ros Casares Taldeak murrizketa ugari eskatu izan du aspaldidanik langileen lan-baldintzak apaltzeko, horrela enpleguari eutsiko zelako argudioa erabiliz. Baina, tamalez, eta espero izatekoa zenez, langileek egindako ahalegin guztiek ez dute neurri bereko erantzunik jaso. Erantzuna Arabako lantegiak ixtea izan da. Bertan behera utzi nahi diren kontratuen kopurua gaur egun indarrean daudenen erdia da.
Orain aurrean dugun egoera bi aldiz gogorra da, zeren Zuzendaritzak “legezko” trikimailuak erabiliz Madrilen aurkeztu du espedientea. Gasteizko Batzordeari erantzuteko ahalmena oztopatzeko asmotan.
Enpresa Estatuan sakabanaturik dauden lantegi txikiez baliatu da, negoziazioa komeni zaien esparrura eramateko. ELAk erabat gaitzesten du azpijoko hori. Aipatu beharrekoa da kaleratu nahi diren langileen %90 Arabako lantegietakoak direla, baina hala ere erabakitze-gunea Madrilen egongo da.
Horrelako estrategiak ezagunak dira (gogoan izan Laminaciones Arregui), eta argiro erakusten dute enpresek kosta ahala kosta saihestu nahi dutela ELA bezalako sindikatuekin negoziatzea, eta beste batzuekin negoziatzen saiatzen direla, errazagoa izango delakoan.
ELAtik gure sostengua adierazten diegu Ros Casaresko langileei, eta gure konpromisoa berresten dugu, haien enpleguaren alde eta, oro har, gure herriko enpleguaren alde.
Ez dira garai onak langile-jendearentzat. Esparru antolatuetan bakarrik aurre egin ahal izango diegu etengabeko xantaiei, egunetik egunera halabeharrez egingo dizkiguten xantaiei. Horregatik guztiagatik antolakuntza eskatzen dizuegu, horrela bakarrik berdindu ahal izango duzue politikariek patronalari opari eman dizkioten erreformen ondoriozko nagusitasuna.
ELAtik erregulazio-espedientea berehala erretiratzeko eskatzen dugu, eta negoziazio-prozesu bat irekitzeko, Gasteizko lantegien bideragarritasuna eta enplegua bermatze aldera. Horrela ez bada, gauza ziurra da gure hiria beste lan-gatazka handi batean murgilduko dela.