LAneko heriotza

Sabico enpresako langileek elkarretaratzea egin dute azken lan-heriotza salatzeko

2024/01/31
Segurtasun zaindari bat hil zen ostiral iluntzean Pasaiako portuan, kamioi batek harrapatuta ELAk enpresen zigorgabetasuna eta erakunde publikoen konplizitatea salatu, eta lan-ikuskaritzaren plantilla handitzea eskatu du. 26 egunetan 12 langile hil dira.

Urtea hasi zenetik dagoeneko 12 pertsona hil dira haien lanpostuan Hego Euskal Herrian. Azkena joan den ostiral iluntzean Pasaiako portuan, Sabico enpresako 47 urteko segurtasun zaindaria, itsasontzi batean karga sartzen ari zen Mafi ibilgailu batek harrapatuta. Heriotz hau salatzeko enpresa-batzordeak deitutako elkarretaratzea babestu eta hildakoaren gertukoei eta lankideei elkartasuna adierazi die ELAk, heriotz honen atzean egon daitezkeen ardurak argitzeko eskatuz.

Lan-ezbeharrek markak hausten jarraitzen dute. Iaz 50 izan ziren guztira lan-istripuz hildako langileak, gehienak prekarietate egoeran eta segurtasun neurririk gabe ari zirelarik. Ibilgailuek eragindako harrapaketak dira oraindik ere heriotz gehien eragiten dituzten arrazoietako bat, eta oinarrizko neurriekin erraz saihestu daitezkeen arren, aurten honez gero hiru pertsonak galdu dute bizia arrazoi horregatik.

Datuek erakusten dutenez, lan-arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten denean, paper hutsean geratzen da. Prebentzio legea onartu zenetik ia 30 urtera, enpresariek oraindik ere zigorgabetasun osoz urratzen dute araudia, erakunde publikoen konplizitatearekin gainera, azken hauek uko egiten baitiote ez-betetzeak behatzeko bitarteko nahikoak ezartzeari. Osalanen eraginkortasun falta nabarmena da, eta lan-ikuskaritza erabat kolapsatuta dago, baliabide faltagatik.

Egoeraren larritasunaren aurrean, beharrezkoa da enpresen gaineko interbentzio publikoa berehala areagotzea. Horregatik, Europako jarraibideekin bat egin, eta lan-ikuskaritzaren plantilla 120 pertsona arte handitu dezala eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, EAEko lantokietan ematen ari diren segurtasun baldintzak zorrotz kontrolatu ahal izateko.