Sakabanaketak hil egiten du!

2006/03/01

Ibaetako Foroaren prentsaurrekoa Igor Angulo euskal presoaren heriotza dela eta

Ibaetako Foroa osatzen duten erakunde, sindikatu eta mugimenduen ordezkariak agertzen gara, Igor Angulo euskal presoaren heriotzaren (1) balorazio bat egiteko. Ondoren datozen egunotan (2) heriotz honi erantzuna emateko antolatu daitezkeen ekimenetan parte hartzeko deialdi bat egingo dugu, eta azkenik, Foro gisa, datozen asteetarako (3) egitasmoaren berri eman.

Balorazioa

Dakizuen bezela, pasa den otsailaren 27an, beste behin ere, euskal preso baten heriotzaren berri samingarria jaso dugu, Igor Angulo santutziarrarena, iturri ofizialek diotenaren arabera bere buruaz beste eginda.

Azpimarratu nahi dugu Euskal Herritik (senideengatik beraz) 600 kilometroetara zegoela. Duela 10 urte atxilotu zuten. Guardia Zibilak inkomunikatuta egon zen eta torturak salatu zituen. Espainiako espetxe askotatik pasa eta gero, sakabanaketa politikaren ondorioz, Cuencan 5 urte zeramatzan.

Askotan esan dugu, sakabanaketa politikak hil egiten duela, psikologikoki, afektiboki desegitea baitu xede politika horrek. Eta hainbat erakunde antirrepresiborekin batera, Etxerat eta Askatasuna bezela, gainera, uste dugu, espetxe politika oro har egunetik egunera gaiztotzen ari dela, beti ere zigorrak handitzea eta mendekua hartzea bilatzen ari dela. Gogoratu besterik ez dago, duela gutxi, Auzitegi Gorenak zigorren murrizketari buruzko sorturiko doktrina juridiko berria.

Guzti hau dela eta, lehenik eta behin, senideei eta Igor Angulo zenaren bikoteari eta haien umeari gure solidaritatea adierazi nahi diogu, aldarte zail honetan.

Erreibindikazioa

Bestetik, Ibaetako Foroak, Espainiako eta Frantziako gobernuei kartzela politika goitik behera aldatzea eskatzen diegu, oinarrizko giza eskubideak errespetatze aldera. Hala egin genuen pasa den urtarrillaren 7an izan zen manifestaldi nazionalean, eta halaxe egiten dugu hileko azken ostiraletan Etxeratek deitzen dituen kontzentrazioetan. Halaber, heriotza honen nondik norako guztiak argi daitezela ere eskatzen dugu, erantzukizunak barne.

Aste honetako ekimenak

Uste dugu, azkenik, gertakari honek, bere larritasunaren araberako erantzuna behar duela. Horregatik, jendarteari, datozen egunotan antola daitezkeen ekimenetan parte hartzera deialdi zabal bat luzatu nahi dugu. Besteak beste, dei egiten dio euskal jendarteari, datorren ostiralean, martxoak 3an, eguerdiko 12:00tan, Santurtzin eta Ibaetako Foroaren parte diren sindikatuak deitua, izango den kontzentrazioan parte har dezan.

Egitasmoa

Ibaetako Foroak, bere egitasmoarekin aurrera jarraitzen du, Euskal Presoen eskubideen defentsan. Horrela, aurreko prentsaurreko batean esan genizuen bezela, datozen hilabeteotan mozioak aurkeztuko ditugu Euskal Herriko udal jendetsuenetan.

Bestalde, azken ostiraletako ekimena indartzeko prozesuan jarraitzen dugu, eta datorrena, heriotz tragiko hau gertatu eta gero, potenteagoa izatea gustatuko litzaiguke. Horren berri emango dizuegu hurrengo agerraldi batean.