San Andres paper lantegiko hitzarmenak Rajoyren erreformako zenbait neurri indargabetu du
Horrela, Atarrabiako San Andres papelerako langileek 2011ko abenduaren gatazkan helburu ezarri zutena lortu dute: orain arteko ituna (Lan Departamentuan erregistratu gabe eta NAOn argitaratu gabe zegoen akordioa) enpresa-mailako hitzarmen bihurtzea, lege-indarra hartuko duena.
Hitzarmenaren arabera lehengo soldata- eta lan-baldintzak mantenduko dira 2012an eta 2013an, eta zenbait hobekuntza sartu da hurrengo atal hauetan: baja-osagarrietan, txanda-kontratuetan, kontratazioetan, aseguru-polizetan eta abarretan. Nabarmendu beharrekoa da egutegietako barne-malgutasunaren akordioa, zeinaren arabera enpresak ezin izanen baitu langileen lanaldiaren %10 modu irregularrean banatu.
Oraingo hitzarmenaren abiapuntua Zuzendaritzaren alde bakarreko erabaki bat izan zen. Orduan, enpresa-ituna amaitutzat jo eta egun batetik bestera Ore, Paper eta Kartoigintzako Estatu Hitzarmena aplikatu nahi zuten. Horrek zekarrena urteko soldatak 6 eta 9 mila euro bitartean jaistea zen; eta, gainera, hainbat urtetako borroka sindikalaren ondorioz lorturiko gizarte-hobekuntzak galtzea. Eta denetan garrantzizkoena dena, lan-baldintzak hemendik, enpresatik, negoziatzeko aukera ere galtzen zen.
Horren aitzinean plantillak planto egin zuen, eta mobilizazioak, lanuzteak eta 6 egunetako greba eginez lortu zuen Zuzendaritzatik lan-baldintzak mantentzea hurrengo akordioa lortu arte, enpresa-mailako hitzarmen motako akordioa. Bienbitartean gauzatu zen Negoziazio Kolektiboaren Erreforma, eta orduan konturatu ziren paper-fabrikako langileak hitzarmena baliorik gabekoa izanen zela, erreforma berritik blindatu ezean.