GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Sanmarkoseneko langileak Aldundiari ardura hartu eta langile prekariorik gabeko beste eredu bat eskatu diote

2024/12/13
22 greba daramatzate dagoeneko eta elkarretaratzea egin dute langile eta egoiliarrek bizi duten egoera salatu, %100eko lan kontratuak eskatu eta kaleratzeak ekiditeko. Gipuzkoako egoitzetako ELAko ordezkariek babesa eman diote elkarretaratzeari.

Errenteriako Sanmarkosene egoitza Gureak enpresak kudeatzen du eta bertan 125 bat langile daude, ia denak emakumeak. Azaroaren 18an hasita, dagoeneko 22 greba egun egin dituzte enpresak proposatu duen lan baldintzen aldaketa nabarmena atzera bota, 5 kaleratzeak ekidin eta %100eko lan kontratuak eskatzeko, besteak beste.

Bertan dauden arazo nagusiena pertsonal falta da. Honek lan kargak izugarriak izatea egiten du eta langileengan duen eragin negatiboaz gain, egoiliarrei ematen zaien zerbitzua ere ez da kalitatezkoa.

Aste honetan bertan egoiliarren familiartekoak adierazi duten bezala, langileek ere uste dute langile kopuru baxuak ez duela bermatzen egoiliarrek merezi duten zerbitzua. Adibidez, urtean zehar ez da gosarien ordutegia betetzen, 10:30ean amaitzen baita, 10:00etan amaitu beharrean.

Eta laguntzaile bat falta den urteko egunetan, gerta daiteke pertsona guztiak (astean bitan) dutxatu ahal izateko beranduago jaikitzea, beranduago gosaltzea, bazkariarekin elkartzea (2 ordu baino gutxiagoko tarteekin eta, gainera, paseatzeko denborarik ez ematea, medikuak agindutakoa izanagatik ere). Kasu horietan, egoiliar batzuk ez dira 11:00ak baino lehen jaikitzen, eta, horren ondorioz, mendekotasun handiena duten egoiliarrak 13 edo 14 orduz egon daitezke ohean.

Aldundiak bertan ematen den zerbitzuaren %96a finantzatzen du, beraz, enpresaz gain Aldundiak bere ardura hartu eta lan jardunaldi osoa izango duten langile kopuru egokia bermatu dezala eskatzen diote.

Helbura lortu arte borrokan jarraituko dute langileek eta dei egiten die euren ondoan dauzkaten familiarteko, pentsiodun elkarte eta bestelako eragile sozialei mobilizaziotan parte hartzen jarraitzea.