LAneko heriotza
Santakarako (Nafarroa) kamioi gidariaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin du ELAk

ELAk jakin ahal izan zuenez, joan den ostiralean kamiolari bat hil zen Santakaran (Nafarroa), N-5330 errepidean gertatutako istripuan. Goizaldeko ordu biak aldera, kamioia errepidetik irten eta irauli ostean, gidaria (O.S.Z), 59 urteko Kaparrosoko gizonezkoa unean bertan zendu zen. ELAk hildakoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazi, eta gertatutakoa lan-istripu gisa aitortu dadila eskatu du, izan ere, garraiolarien lan-istripuak trafiko-istripuen erregistroetan edo heriotz natural gisa zenbatzen dira askotan.
ELAk salatu duenez, azken hilabetean lau garraiolari hil dira Hego Euskal Herriko errepideetan, eta iaz 11 izan ziren guztira hildakoak. Datu horiek ez dira inolaz ere kasualitatea. Sektoreko langileek pairatzen dituzten desregulazioak eta eskubide ezak lotura zuzena dute ezbehar tasaren igoerarekin, eta lana galtzeko beldurrez jasan behar izaten dituzten gehiegizko jardunaldi, ordutegi, presa eta pisuek gidarien osasuna eta bizitza arriskuan jartzen dute etengabean.
Egoeraren larrituasunaren aurrean, enpresaburuen eta Nafarroako Gobernuaren inpunitatea eta konplizitatea onartezinak dira ELArentzat. Haien helburua garraio zerbitzu ahalik eta merkeena lortzea da, edozein preziotan. Lan-osasunean ere, oro har, patronala eta Gobernua eskutik doaz. Duela egun gutxi, dirulaguntza publiko handiak jasotzen dituen Sunsundegui enpresa amiantoarekin aritutako langile baten heriotzagatik kondenatua izan da. Txibite andrea pozik agertu da enpresaren azken negozioagatik baina, zer du esateko zigor honen inguruan?
ELAren iritziz, bada garaia garraio sektoreko lan-baldintzak arautu eta duintzeko. Bada garaia baita ere, 2018an Nafarroako Parlamentuak onartu bezala, lan-ikuskaritzaren eskumena berreskuratu eta honen baliabideak hirukoizteko, Europako bataz-bestekora berdinduz. Eta bada garaia murrizketekin amaitzeko, eta 2018an onartutako amiantoa kentzeko plana abian jartzeko. Horregatik, hildako bakar bat dagoen bitartean mobilizatzen jarraituko du ELAk, enpresaburuen inpunitatea eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatea salatzeko.