SATSE, ELA, LAB, SME, UGT USAE eta UTESE sindikatuek hauteskunde-eremuen proposamen bateratua aurkeztu diote Osakidetzari

2023/01/24
Aurkezten duten hirugarren proposamena da hau; azkena 2019an aurkeztutakoa izan zen, eta Osakidetzak ez zuen erantzunik eman. Osakidetzak hauteskunde-esparru berriak negoziatzeari uko egin dio, eta horrek hauteskunde sindikal berriak egitea eragotzi du. Berriki emandako epai baten arabera, aurreko eremuak indargabetuta geratu ziren Erakunde Sanitario Integratuetan (ESI) antolakuntza berria indarrean sartu zen unetik.

SATSE, ELA, LAB, SME, UGT, USAE eta UTESE sindikatuek hauteskunde-eremuen proposamen bateratu berria aurkeztu diote Osakidetzari, Erakunde Sanitario Integratuen antolaketa berrira egokitzeko. Hau da sindikatu horiek egiten duten hirugarren saiakera; izan ere, 2015. eta 2019. urteetan, beste bi proposamen bateratu aurkeztu zituzten, eta Osakidetzak ez zien erantzun.

Sindikatuek behin eta berriz salatu dute Osasun Arloko Mahai Sektoriala blokeatuta dagoela, ez dagoela inolako negoziaziorik eta Osakidetzak edukiak eta agenda inposatzen dituela. Horren ondorioz, sindikatuak mahaitik altxatu dira, eta beste bide batzuk ireki dituzte, arrakastarik gabe: Osakidetza birritan deitu dute Lan Harremanen Kontseiluan (ez da agertu bileretan), eta bilera bat egin dute Osasuneko sailburuarekin. Hauteskunde sindikalak blokeo horren eta negoziatzeko borondaterik ezaren adibide argiak dira.

Azken hauteskunde sindikalak 2014an egin ziren. Ondoren, Osakidetzak antolaketa-egitura aldatzea erabaki zuen, eta ESIetan antolatzea. Horren ondorioz, aurretik itundutako hauteskunde-eremuek baliogabetua geratu ziren, ez baitzuten errealitate berria behar bezala irudikatzen, eta ez baitziren baliagarriak ESI bakoitzaren zuzendaritzaren eta plantillaren ordezkaritzaren arteko elkarrizketa eraginkorra aurrera eramateko. Are gehiago, berriki emandako epai baten arabera, aurreko hauteskunde-esparruak indargabetuta geratu ziren antolakuntza berria indarrean sartu zenean.

SATSE, ELA, LAB, SME, UGT, USAE eta UTESE sindikatuek argi eta garbi adierazi nahi dute blokeo-egoera hau konpontzeko borondatea dutela; blokeo honek ordezkaritza-organoak berritzea eta plantillak bere legezko ordezkariak aukeratzea eragotzi du. Osakidetzak gai horri heltzeko eta hauteskunde-eremu berriei buruzko negoziazio-prozesua hasteko izan duen borondate ezaren ondorio zuzena izan da hori. Hauteskunde sindikalak askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidearen ardatzetako bat dira, eta eskubide hori sistematikoki urratu du Osakidetzak.

Sindikatuek Osakidetzari eskatzen diote, behingoz, beharrezko urratsak eman ditzala hauteskunde-eremu berriak negoziatzeko, eta, horrela, berme guztiekin hauteskunde sindikalak egiteko.