osasunbidea

SATSEren akordioak ez die erantzuten erizainen eta fisioterapeuten beharrei, eta ez du balio egiturazko gabeziak zuzentzeko

2023/04/19
ELAren ustez, akordioak ez du zehaztasunik hainbat arlotan, eta plaza berriak sortzea ez da nahikoa kolektiboaren lan kargei aurre egiteko. Akordioak ez ditu egiturazko arazoak jorratzen, hala nola behin behinekotasun tasa altua. Osasunbideko lan baldintzak modu integralean hobetu behar direla, eta ez soilik kolektibo jakin batzuen aldarrikapenei erantzunez defendatzen du ELAk.

Atzo jakinarazi zen SATSEren eta Osasunbidearen arteko akordioa. ELAren iritziz, akordioak ez die erantzuten erizainen eta fisioterapeuten beharrei, eta ez du balio Osasunbidearen egiturazko gabeziak zuzentzeko:

  • Adostutako testuak haibat gauza zehaztu gabe uzten ditu (kontsulta arrazoien berrikuspena, sakabanatze plusa, trebakuntza osagarria, gainjartzeak), eta horietan lantaldeak sortzera edo Osasunbideak proposamenak egiteko konpromisoa hartzera mugatzen da.

  • Ordezkapenei dagokienez, akordioak Osasunbidea salbuesten du lanera joan ez diren profesionalen lanaldiaren % 100 lehen egunetik nahitaez betetzetik.

  • Plaza berriak sortzeari dagokionez, akordioa ez da nahikoa kolektiboaren lan kargei aurre egiteko.

  • Hitzarmenak ez du inolako neurririk jasotzen kolektiboak jasaten duen behin behinekotasun oso handia murrizteko, ez erosahalmena berreskuratzeko, ez eta lan kargak aztertzeko ere.

  • Azkenik, ordainsarien hobekuntzei dagokienez, akordioak berriz ere egiaztatzen du Nafarroako Gobernuaren argudio faltsua, hau da, legezko eragozpenengatik ezin zuela soldata hobekuntzarik egin sektore publikoan.

ELAren iritziz, Osasunbideko lan baldintzak modu integralean hobetu behar dira, eta ez soilik kolektibo jakin batzuen aldarrikapenei erantzunez. Zentzu honetan, SATSEk bere garaian gainerako sindikatuek (Medikuen Sindikatuak izan ezik) kalitatezko osasun publikoaren alde bultzatutako dinamikatik aldendu izana deitoratu du. Dinamika hori ahuldu egin zen LABek eta UGTk Osasunbidearekin edukirik gabeko akordio bat sinatu zutelako.

ELAk uste du Osasunbidearen egiturazko gabeziei aurre egiteko ezinbestekoa dela inbertsioa handitzea; izan ere, gaur egun, Nafarroan BPGaren %5,6 baino ez da bideratzen Osasunbidera, UPNren garaietan bezala, eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino 3 puntu gutxiago.