Sektore publikoko grebak jarraipen oso zabala izan du

2010/05/25
Euskal Herriko gehiengo sindikalak oso balorazio positiboa egiten du hiriburuetako manifestazioetan 17.000 pertsonatik gora parte hartu izana.

Gaurko Hego Euskal Herriko arlo publikoan deituriko grebak jarraipen zabala izan du sektore ezberdinetan. EAE eragin nabarmena izan du grebak eta Nafarroan, eragin apalagoa izan duen arren, oso esanguratsua izan da jarraipena.

Oso aipagarriak izan dira lau hiriburuetan izandako mobilizazioak. Guztira 17.000 pertsonatik gora atera dira kalera. Manifestazioak greba deialdiaren oihartzunaren isla garbiena izan dira.

 Geldialdia benetan azpimarragarria izan da Herri eta Foru Administrazioan. Herri esanguratsuenetako Enpresa Komite eta Langile-Batzordeetan greba %75ekoa izan da. Benetan deigarria hiriburuetan izandako jarraipena, Gasteizko Udalean %60, Donostiakoan %70 eta Bilbokoan %80.

Bestalde, Foru Aldundietan jarraipena desberdina izan da arloka, baina hala ere garrantzitsua. Orokorrean %55eko jarraipena izan da. Honetan aipagarria izan da Gizarte Arreta eta Gizarte Ongizate Erakundeetako jarraipena, non %90 gelditu den. Emaitza are garrantzitsuagoa da kontutan izanik esparru hauetan agindutako neurriz gaineko gutxieneko zerbitzuak jaiegunetako berberak zirela.

Udal Administrazioan benetan aipagarriak eskualde batzuetan izan diren lanuzteak. Besteak beste Tolosaldea, Goierri, Urola, Durangaldea edo Busturialdea, non ugari izan dira ia erabat gelditu diren udalak: Tolosa, Usurbil, Ordizia, Arrasate, Azkoitia, Zarautz, Durango, Arrigorriaga, Laudio, Galdakao, Bermeo, Ondarroa, Zornotza, Sopela, Balmaseda, Agurain, Lesaka, Leitza, Basaburua,Bortziri, Malerreka, Urduliz, Aretxabaleta, Oñati, Debagoienako Mankomunitatea......

Esparru berean, gainerako udal erakundeak ere (kultura etxeak, kirol patronatuak, udal euskaltegiak) ia guztiz geratu dira.

Administrazio Autonomoari dagokionez gelditzea apalagoa izan da, %55aren ingurukoa hain zuzen ere.

 Irakaskuntzari dagokionez, greba oso zabala izan da. Guztira Lehen Hezkuntzako langileen %75etik gora gelditu da eta Bigarren Hezkuntzako %60 inguru. Hori langile askori greba egin ahal izatea galarazi zaiola kontutan harturik gutxieneko zerbitzuek ikastetxe guztiak irekitzera eta azterketak egitera behartzen baitzuten.

Salatu beharrean gaude grebaren jarraipena egiteko Hezkuntza Sailak jarri duen aplikazio informatikoa, izan ere datuak faltsutzen baititu ikasturte osoan zehar zentroetan izandako langile guztiak zenbatuz, nahiz eta momentuan bertan lan ez egin (bajak, ordezkapenak...) eta honela greba zenbakiak esanguratsuki gutxituz.

Hala ere, lurraldeka, grebaren jarraipena %75etik gorakoa izan da Lehen Hezkuntzan eta %60 Bigarren Hezkuntzan Bizkaian, %80 Lehen Hezkuntzan eta %60 Bigarren Hezkuntzan Gipuzkoan, eta %70 Lehen Hezkuntzan eta %60 inguru Bigarren Hezkuntzan Araban. Informazio hau argitaratzeko orduan ez dauzkagu Nafarroako datu zehatzak, baina D ereduko zentroetan jarraipen zabala izan du grebak.

Bestalde, Haurreskoletan geldialdia ia erabatekoa izan da, %80tik gorako jarraipenarekin. Hau koordinatzaile baten presentziaz zentro guztiak irekitzera behartzen zuen gutxieneko zerbitzu agindua kontutan izanik. Greba oztopatu asmoz eginiko gutxieneko zerbitzuetako agindua guztiz arduragabea izan da, izan ere haurren segurtasuna bermatu gabe gurasoei sinestarazi baitzaie zerbitzua eskaintzen zitzaiela.

EAEko unibertsitatean izandako jarraipena ere nabarmendu behar dugu, izan ere %50etik gorako jarraipena izan baitu, eta Ibaetako kanpusean jarraipena %70 heldu da.

Osakidetzako esparru ezberdinetan, lehen arretan nahiz ospitaleetan, grebak ez du eragin osoa izan. Ospitaleetan eragin handia izan dute ezarritako gutxieneko zerbitzuek, izan ere ohiko langileen %80 behartu baitute lan egitera. Horretaz gain, zenbait ospitaleetan Zamudio edo Txagorritxu kasu, greba eskubidea urratu da, kasuren batean langileak espedienteekin mehatxatuz.

EITB taldeari dagokionez esan Miramonen %80ko jarraipena egon dela. Irratietan ere jarraipena oso handia izan da. Honetaz gain hainbat programa grabatu gabe geratu dira eta Bilboko ETB-n publizitatea sartzeko modurik ez dute izan.

Nafarroan, greba apalagoa izan den arren esanguratsua gertatu da, gelditze garrantzitsuekin Nafarroako Gobernuan, Osasunbidean, Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuan, Kirol eta Gazte sailean, Larrialdietan eta Ikastetxe ugaritan. Herri administrazioan ere jarraitu dute greba, modu berezian Iruñerrian eta Nafarroako iparraldean.

Inor ez dadila engainatu. Greba honekin gehiengo sindikalak ez ditu bere indarrak ahitu eta egoera honetara ekarri gaituzten politika publikoen erabateko aldaketa exijitzen dugu. Ez dugu gure eskubideak kaltetuko dituzten murrizketak onartuko. Hau aldatzen ez bada berandu baino lehen mobilizazio zabalago eta indartsuagoak egingo ditugula ziurtatzen dugu.