Sektore publikoan KPIa bermatzeko eta lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko greba deialdiak bultzatu nahi ditu ELAk
Egunotan gobernu guztiek langile publikoen lan baldintzen inguruan hainbat iragarpen egin dituzte, batez ere datorren urteko soldata igoerari buruz. Horren aurrean, ELAk jakinarazi nahi du sektore publikoan KPIa bermatzeko eta lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko greba deialdiak bultzatuko dituela. Horretarako, prentsaurrekoa eman dute Igor Eizagirrek (Gizalan federazioaren idazkari nagusiak), Miren Zubizarretak (Hezkuntzaren arduradunak) eta Esther Saavedrak (Osakidetzaren arduradunak).
1-Langile publikoen lan baldintzak etengabe ari dira okertzen.
Enpleguari dagokionez, nahiz eta ‘Iceta legea’ indarrean egon, oso latza da sektore publikoan bizi den egoera. Hona hiru datu:
- Enplegu publikoaren ratioa: Europar Batasunean (27 herrialde) enplegu osoaren % 20 da. Hego Euskal Herrian, aldiz, % 12.
- Azpikontratatutako langileak : 120.000tik gora.
- Behin-behineko langileak:
- Osakidetza : 24.000 langile (horietako 9.000k zortzi urteko aintzinatasuna baino gehiago daukate)
- Hezkuntza: 15.000 (horietako 7.000k zortzi urteko aintzinatasuna baino gehiago dute).
- Udaletan: 12.000.
Ondorioz, herritarrek jasotzen zerbitzua okertzen doa, eta lan kargak izugarri handitu dira, baita arrisku psikosozialen pean dauden langileen kopurua ere.
Pobretze prozesu etengabea da, gainera. Soldatei dagokionez, 2010tik erosahalmenaren galera % 16koa da (batez beste, 40.000 euroko galera metatua). Beste hitzetan: azken hamarkadan, langile publikoek 15 hilabete egin dute lan musutruk.
2023rako mahai gainean dauden proposamenak eta KPIaren garapena ikusirik, 2023rako galera metatua % 20 baino handiagoa izango da. Horrekin batera, jubilazio primen inguruko murrizketak, EPSVaren galera eta abar hartu behar dira kontuan.
2-Ardura politikoak
Euskal Herriko alderdi politikoek eta instituzioek behin eta berriz esaten dute zerbitzu publiko sendoak behar direla, baina politika neoliberalak eta sektore publikoa pribatizatzeko politikak nagusitzen dira. Azken hamarkadan, Madrilek erabaki ditu zenbat langile publiko (erizainak, irakasleak, udaltzainak...) behar diren Euskal Herrian. Bertako alderdiek lan baldintzei buruzko erabakiak Madrilen esku utzi dituzte. Zoritxarrez, Euskal Herriko alderdiek (EAJ eta EH Bildu barne) eta instituzioek hori ahalbidetu dute. Hori guztia Eusko Jaurlaritzak 2021ean 541 milioiko superabita izan duenean.
3- ELAren aldarrikapenak
ELAk Euskal Herriko alderdi eta instituzioei eskatzen die jarrera inkoherenteak bertan behera utzi ditzatela. Ez da bateragarria zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egiten dutela esatea, eta, aldi berean, zerbitzu publiko horien langileen % 20ren erosahalmenaren galera babestea.
- Soldatetan: Estatuko aurrekontuak babesteko ezinbestekoa da Euskal Herriko langile publiko guztion soldata bertan negoziatzeko aukera ezartzea. Formulak badaude, borondate politikoaren kontua da. 2023ko negoziaketak bertan egin behar dira, eta 2022an galdutako erosahalmena (% 4,5a) eta 2022ko KPIa bermatu. Era berean, azken hamarkadan galdutako erosahalmena berreskuratzeko negoziaketa irekitzeko konpromisoa hartu behar da.
- Enpleguan: Behin-behinekotasuna %6ra txikiagotzeko kontsolidazio prozesuak bultzatzeko konpromisoa hartu behar da. Bestetik, estatuko aurrekontuak babesteko ezinbestekoa da honako hau bermatzea: erreposizio tasak kentzea, ezin da onartu Madrilek Euskal Herriko sektore publikoko enplegu beharrak erabakitzea, eta ezohizko kontsolidazio prozesuak esparruz esparru negoziatzeko eta adosteko aukera berrestea.
4- Grebarako deia
Zoritxarrez, Euskal Herriko agintariek eta alderdi politikoek egin dutena eta esandakoak entzunda, borondate gutxi dagoela ikusten da. Hori horrela izanik, ELAk argi du udazken honetan mobilizazio eta grebak bultzatu beharko direla. Horretarako, beste sindikatuekin harremanetan dago sindikatua eta espero du datozen egunetan deialdia publiko egitea.