Sektore publikoan KPIa bermatzeko eta lan baldintzak hemen erabakitzeko greba deialdiak bultzatu nahi ditu ELAk

2022/10/03
Nafarroako sektore publikoaren egoera ikusita, ulergaitza eta oso larria izango litzateke hemengo alderdiek Espainiako Gobernuari erabakiak hartzeko eskumenak ematea ELAk nafar alderdiei azpimarratzen die Aurrekontuak babesteko, hemen negoziatzeko bermeak lortzea ezinbestekoa izan beharko litzatekeela

Azken egunotan, Gobernu guztiek langile publikoen lan baldintzen inguruan iragarpen batzuk egin dituzte, batez ere datorren urteko soldata igoerari buruz. Horren aurrean, ELAk jakinarazi nahi du sektore publikoan KPIa bermatzeko eta lan baldintzak hemen erabakitzeko greba deialdiak bultzatu nahi dituela. Horretarako, prentsaurrekoa eman dute Izai Bujandak (Gizalan federazioko Nafarroako arduraduna) eta Maider Huartek (Osasunbideako arduraduna).

1-Langile publikoen lan baldintzak etengabe ari dira okertzen

Enpleguari dagokionez, nahiz eta ‘Iceta legea’ indarrean egon, oso latza da sektore publikoan bizi den egoera. Hainbat datu:

  • Enplegu publikoaren ratioa: Europar Batasuna (27 herrialde), enplegu osoaren % 20a. Nafarroan, aldiz, % 12a.

  • Behin behineko langileak:

    • Osasunbidea: 8.600 langile (%64)

    • Hezkuntza: 6.334 (%54)

Horren ondorioz, herritarrek jaso duten zerbitzua okertzen doan bitartean, lan kargak izugarri handitzen dira eta arrisku psikosozialen pean dauden langileen kopurua handitzen doa.

Pobretze prozesu etengabea da. Soldatari dagokionez, 2010tik hona eros-ahalmenaren galera % 16koa izan da (bataz beste, 40.000 euroko galera metatua). Beste modu batez esanda, azken hamarkadan, langile publikoek 15 hilabete egin dute lan musutruk.

2023rako mahai gainean dauden proposamenak ikusirik eta KPIa nola itxi daitekeen azterturik, 2023rako galera metatua % 20 tik gorakoa izango da.

2-Ardura politikoak

Hemengo alderdi politikoek eta instituzioek behin eta berriz esaten dute zerbitzu publiko sendoak behar ditugula, baina politika neoliberalak eta sektore publikoa pribatizatzeko politikak nagusi dira.

Azken hamarkada luzean, Madrilek erabakitzen ditu zenbat langile publiko (erizainak, irakasleak, udaltzainak...) behar diren Euskal Herrian. Nafarroako alderdiek lan baldintzei buruzko erabakiak Madrilen esku utzi dituzte. Zoritxarrez, euskal alderdiek (EAJ, Geroa Bai koalizioko parte dena, eta EH Bildu barne) eta instituzioek hau ahalbidetu dute. Erabaki hauek hartzen dituzten bitartean Nafarroako Gobernuan 2021ean 269 milioiko superabita izan du.

3- ELAren aldarrikapenak

ELAk gure alderdi eta instituzioei jarrera inkoherenteak bertan behera uzteko eskaera luzatu nahi die. Ez da bateragarria zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egiten dutela esatea, eta, aldi berean, zerbitzu publiko horien langileen % 20aren erosteko ahalmen galera babestea.

  • Soldatetan:

    • Estatuko Aurrekontuak babesteko ezinbestekoa da hemen lan egiten duten langile publiko guztion soldata hemen negoziatzeko aukera ezartzea. Formulak badaude; borondate politikoaren kontua da.

    • 2023rako hemengo negoziaketetan, 2022an galdutako eros ahalmena (% 4,5a) eta 2022ko KPI a bermatzea.

    • Azken hamarkadan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko negoziaketa irekitzeko konpromisoa.

  • Enpleguan:

    • Behin-behinekotasuna %6ra jaisteko kontsolidazio prozesuak bultzatzeko konpromisoa.

    • Estatuko aurrekontuak babesteko ezinbestekoa da honako hau bermatzea:

      • Erreposizio-tasak kentzea. Ezin da onartu Madrilek gure sektore publikoko enplegu beharrak erabakitzea.

      • Ez ohizko kontsolidazio prozesuak esparruz esparru negoziatzeko eta adosteko aukera berrestea.

4- Grebarako deia

Zoritxarrez, euskal agintariek eta alderdi politikoek egin dutena ikusirik eta azken egunetan esandakoa entzunez, borondate gutxi dagoela ikusten da. Hau honela izanik, ELAk argi dauka udazken honetan mobilizazio eta grebak bultzatu beharko direla. Horretarako beste sindikatuekin kontaktuak hasita dauzkagu eta hurrengo egunetan deialdia publiko egitea espero dugu.