Sektorea gatazka ireki batetara bideratzea leporatzen dio ELAk Osasun Sailburuari

2006/02/16

ELAk, osasun arloan gehiengoa duen sindikatoa izanik (%48,85eko ordezkaritza) onartu berri den fakultatiboentzat garapen profesionalari bere ezezkoa emanez atzo burututako agerpen publiko batetan gogorki salatu zuen Osasun Sailburua eta berau "Osasun Publikoaren kudeatzaile txarra" izendatu zuen.

ELAren eritziz, "arduragabekeri handia da ez aitortzea aurreko legealdiak porrot haundia suposatu zuela, sektorea kalean egonik, gutxiengoarekin sinatutako akordio batekin eta nahiz politikariek bestelakoa esan, osasungintza ez dela lehenagoko kalitatezko zerbitzua gizartea oso konszientea izanik".

"Inclan Jaunak, prentsaren bidez adierazi digu sindikatoekin negoziatzeko bitarte eskasa duela, nahiz eta berak osatzen duen Jaurlaritzak 2004.eko ekitaldi ekonomikoa 312 miloi eurotako supervitarekin bukatu zuen ( urte horretako Etxebizitza Departamenduaren gastu osoaren bikoitza). Gainera, nahiz eta aitortu behar izan duen Osasungintzan gutxi inbertitzen dela eta egiturazko arazo asko daudela (itxarote zerrendak, soberako lan-kargak, plantillen eskaxia...), Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuetan iaz baino gutxiago esleitzen zaiola jakinik, antzerkia eta gizarteari onartezinezko iruzurra deritzogu".

ELAren Bulego Teknikoaren datoetan , 2005.urteko gastu maila berbera mantentzeko 78,5 miloi euro gehiago esleitu beharko llizkioke 2006. urtean.

ELAren ustez, medikuentzako garapen profesionala soldata igoera mozorrotu bat da, eta hartara, diskriminatzailea da, "batetik, Osakidetzako gainontzeko kolektiboekiko, ez baitute halako igoerarik jasoko; bestetik, medikuen kolektibo beraren baitan, bitarteko eta aldi baterako kontratuak dituztenak hortik kanpo geratuko baitira, eta honek izatezko soldata-eskala bikoitza ekarriko du". Gainera, ELAko ordezkarien aburuz, garapen profesionala kontrolatzeko tresna legez erabiliko da, "otzanak" eta protestarik egiten ez dutenak saritzeko alegia.

ELAren irudiko, medikuentzako garapen profesionalak agerian uzten du Osasun sailaren betiko jokabidea: hemen eta han petatxuak edo adabakiak ipintzen saiatzen da, gastuak kontutan izan gabe, arazoak errotik konpondu ordez; izan ere, ez baitu arazoak daudenik onartzen, eta irtenbide egokiak emateko prest dauden solaskideak ez ditu aintzat hartzen. Bere arrazoibidea hauxe da: "Osakidetzan gauzak duela hainbat urte horrela daude. Sendagileak nolabait asetu, beste kolektiboak zatikatu eta denborarekin arazoa desagertuko da".

Ezin dugu ahaztu garapen profesionalerako dekretua noiz etorri den; sektorea mailakako greba prozesu batean zegoen, eta hau sektoreko greba orokorrean amaitu zen. Dekretua negoziazio-mahaitik at eztabaidatu zen, ordezkapena duen sindikatu batek ere babesten ez zuela. "Adostasunik gabe atera dute dekretua, mobilizazioak geldiarazteko, baina sailburuari gogora arazi nahi diogu langileok kexu garela plantilla motza, bitartekoen gabezia eta gehiegizko lana medio. Beste langileen moduan, ez dugu ordain nahikorik jasotzen; berdin da lana ongi edo edonola egitea; areago, lan gehien duenari gehiago ematen diote, eta lana txarto egin edota lanik egiten ez duenari ez zaio kargu hartzen; norbait falta denean ordezkapenak ez dira ematen, are gutxiago prestakuntza arrazoiengatik. Egoera honekin etorkizun iluna ikusten dugu".

ELAren iritziz, karrera profesionalaren xedea hau litzateke: profesionalek beren trebezia eguneratzeko aukera ematea, eta hobetzeko pizgarria izatea, osasun sistemaren eta herritarren onerako. Baina "mahairatu den moduan amarru hutsa da, lehenengo lan-baldintzak finkatu behar baitira". "Karrerak ez du konponduko profesionalek funtsezko arazo gisa ikusten dutena bideratzen ez bada, hots, Osakidetzak baztertu egin dituelako sentipena, lanez gainezka eta egundoko presiopean daudela ikustea". Bere hortan, karrera petatxu diskriminatzaile bat da.

Ezarritako mailak iristeko hiru multzo handitan banatutako alderdiak aztertuko dira. Lehenengoaren baitan -"Jardun asistentziala eta trebezia profesionala"- emaitza, kudeaketa eragingarria edota erabiltzailearekiko harremanean trebea izatea edota beronen iritzia hartuko dira aintzat. Berriro irizpide ekonomizistak izango dira nagusi; kantitatea, eta ez kalitatea. Langile gutxiegi eta osasun-zerbitzuak gainezka daudenez, kalitatezko zerbitzurik ezin izango da eman, baina bitarteko urri horiekin bezeroa pozik irtetea eskatuko digute, bestela zigortu egingo baikaituzte. BEZEROARENTZAKO ZERBITZUEN JARDUERAREN ADIBIDEA. Atal honetan balio handia izango du ordutegia beharrizanen arabera moldatzeko gaitasunak (bajak eta ezustekoak osatzeko), baina ez da itxaron-zerrenden aipamenik egiten. Honek esan nahi du eskandaluzko itxaron-zerrendak aztertu edo, dagokionean, zigortzeko ez dela ezer erabaki, nahiz eta zerrenda horiek batzutan sistemak kontrolatzeko bat ere interesik ez duten medikuek eragindakoak diren (gero soldataz gaineko berebiziko diru kopuruak jasotzen dituzte, zerrendak laburtzeko aparteko ordu mordoa egin behar izaten baitute).

Bigarren multzoan Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza- egindako ikastaroak, argitalpenak edo ikerlanak izango dira kontutan (ikertzeko jardunarekin finantzaketa lortzeko gaitasunaz gainera). "Baina prestatzeko eskaintzarik ez dago, ez lehen arretan, ez ospitalekoan. Langile eskasiaren eta gehiegizko lanaren ondorioz, bakar batzuk prestakuntza har dezaten besteok egundoko lana egin behar dugu. Dagoen prestakuntza urria, ia beti laborategiek eskaintzen dutena, oso modu arbitrarioan banatzen da". Harrigarria da ia existitzen ez den zerbait aintzat hartu nahi izatea.

Hirugarren multzoan -"Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa"- oso gauza subjektiboak neurtu beharko lirateke: erakundearen helburuekiko konpromisoa, aldakuntzetarako moldatzeko ahalmena (malgutasuna eta berrikuntzak gauzatzeko gaitasuna hartuko dira aintzat).

Epaiak hain subjektiboak izateak eta "arduradunak" bete beharreko galdetegi baten arabera egiteak zera pentsarazten du: garapen profesionala arduradunak erabakitzen duenaren onerako izango da soilik. "Egungo gatazka egoeran desmobilizatzeko tresna bat besterik ez litzateke; ez dute langile kopurua gehitu eta kategoria guztiak lanpostuen balorazioan sartzerik nahi. Garapen profesionala kalitatearekiko konpromisoa dela esatea Osakidetzako langileei adarra jotzeko ahalegina da; konpromiso hori benetan balego, plantilla zabaldu, denbora eta baliabide gehiago lortzeko ahaleginean saiatu beharko luke Osasun sailak, hots, inbertsioak hobetzea izan beharko luke helburu, eta borroka horri ez diote heldu nahi".