Bizkaiko Esku hartze Soziala

Sektoreko langileen prekarietatea salatu dute Gizarteratzearen eta EUDELen egoitzen parean

2024/03/27
ELAk elkarretaratzea deitu du sektoreko profesionalek erosahalmenaren % 15 galdu dutela salatzeko. Elkarretaratzean bingo bat egin da patronalaren azken proposamenaren lan baldintzak zozketatuz.

Gaur, martxoak 27, Bizkaiko Esku hartze Sozialeko langileek 5.000 txartel baino gehiago banatu dituzte Bilboko Gizarteratzearen eta EUDELen egoitzen aurrean egindako elkarretaratzean. Zozketarekin, sektorean pairatzen den prekarietatea islatu nahi izan dute, eta salatu dute patronalaren proposamenak ez duela erosahalmena bermatzen, eta lan osasunari, kontziliazio neurriei eta beste atal batzuei buruzko gaiak definitu gabe uzten dituela.

Bizkaian 5.000 pertsona baino gehiagok egiten dute lan sektore horretan, eta ELAk %46ko ordezkaritza du. Martxoan hainbat mobilizazio egin dira sektoreko lan baldintza txarrak salatzeko. Funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituzte, hala nola, adingabeentzako arreta, migratzaileen harrera, ludotekak, parketxeak...

Bizkaiko Gizarte Esku-hartzearen hitzarmena 2021ean amaitu zen, eta harrezkero, plantillek erosteko ahalmenaren % 15etik gorako galera dute. Gainera, baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute lan karga handiagoekin. Patronalek, ordea, ez dute hobekuntzarik eskaintzen baldintza txar horiek duintzeko. Beraz, hitzarmen berri baterako negoziazioak blokeatuta daude.

ELAk argi du mobilizazioek jarraitu egin behar dutela, eta ez du baztertzen greba egun gehiago deitzea.